Burdinak hildako lau kideak omendu ditu, Ortzaikako karobiaren pizte ekitaldian

Aiurri 2021ko urr. 2a, 18:12

Ortzaikako karobia (Goiburu auzoa) urtero piztea usadio bihurtua dauka ondare historikoa berreskuratzea helburu duen Burdina taldeak, eta halaxe egin du gaur eguardian ere. Gainera, ekitaldia baliatu du Joxe Paulo Usandizaga, Manu Izagirre, Regino Otegi eta Mikel Iradi taldeko hildako kideak omentzeko. Senitartekoak bertan izan dira eta aurreskua eskaini zaie. Bertsoek eta txalaparta eta trikitixa hotsek ekitaldia girotu duten ekitaldian informazio panela ere jarri dute, karea egiteko prozesua deskribatzen duena. Kronika, argazkiak eta bideoak, klik batera.

 

Bertsoak, txalaparta eta aurreskua, ekitaldiari ekiteko

 Ekaitz Ollo eta Eneko San Jose txalapartariek eta Jon Beloki bertsolariak eman diote hasiera ekitaldiari. Hona bideoa:  

 

Ondoren, Burdina taldeko lau kide hildakoen senitartekoei, aurreskua eskaini zaie:

Esker oneko atala ez da amaitu, hala ere. Izan ere, Burdina taldeko boluntarioek Ortzaikako karobia pizteko orduan urtez urte gertu izan dituzten laguntzaileei eta Andoaingo Udalari eskerrak eman dizkie, oroitarria bana emanez.

Hona nortzuk jaso duten: Unai Barrutia dantzariak, Xabier Cabezon txistulariak, Jon Beloki bertsolariak, Ekaitz Ollo eta Eneko San Jose txalapartariek, Goiatz Salbador eta Aizpea Arruti trikitilariek, eta Maider Lainez Andoaingo alkateak.

 

Meategiaren aurkikuntza Ubaran bailaran

Burdina taldeko Joxerramon Berrondok, Ubaran bailaran ondare historikoa berreskuratzeko ekin dioten egitasmoaren berri eman die bertaratu direnei. Auzokalte inguruan zenbait karobi berreskuratu edo lokalizatu direla aditzera emateaz gain, poza agertu du Txingurri izeneko parajean aire libreko meategiaren arrastoak topatu dituztelako. “Aurreneko aldia da Andoaingo lursailetan iraganeko meategi-tokiren bat aurkitzen dela”; Izan ere, Burdinak ondare historikoa berreskuratzeko ahaleginean egin duen hogei urtetako ibilbidean, Leitzarango bailaran Leitza, Elduaien eta Berastegiko lursailetan bakarrik aurkitu izan ditu halako aztarnak.

Gertakizun horren harira, Berrondok adierazi du ondo legokeela etorkizunean Otietako Bisitarien Etxeak meatzaritzarekin lotutako informazioari eta materialari tokia egingo balio. Berrondok gehitu du Burdinak gustura erraztuko lukeela egitasmo hori, meatzaritzan erabiltzen zen tresneria ugari berreskuratu eta bildu baitu urtetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!