Arte-garaikidearen sorkuntzan sakontzeko aukera, Basteron

Aiurri 2021ko urr. 4a, 13:27

Ane Azkona, Sandra Cuesta, Jone Laspiur eta Larraitz Torres arte-garaikideko sortzaileen lanek osatutako Formal formal erakusketa ireki zuten Basteron, joan den ostiralean. Erakusketak ikusleak sorkuntzaren partaide bilakatu nahi ditu, eta xede horri eutsiz, herriko talde ezberdinekin eta ikasleekin jarduerak antolatuko ditu. Urriaren 30a bitarte zabalik egongo da.

 

Urriaren 1ean egin zuten irekiera ekitaldia, eta bertan izan ziren Txitxu Ruiz Hezkuntza eta Kultura zinegotzia eta erakusketan parte-hartze zuzena izan duten Maite Alonso bitartekaria, Larraitz Torres eta Ane Laspiur artistak eta Itziar Gutierrez eta Ane Lekuona testu-egileak.

Txitxu Ruizek, erakusketak ikuslea arte-garaikidera hurbiltzeko daukan asmoa nabarmendu zuen “arte garaikidera hurbildu eta sormen-prozesuak gertu-gertutik ezagutu eta artistekin batera hausnar egiteko aukera paregabea” eskaintzen du, ikusle huts izatetik harago, sorkuntzaren konplize bilakatu gaituelarik, ikuslea bera sortzaile ere bihurtuz”.

Antolatzaileen esanetan Formal formal erakusketak “bere baitan hartzen ditu lan plastikoak, soinuak, testuak eta performance-a, espresio-bide ezberdinen arteko loturak eta elkarrizketak azalarazteko xedez. Lehenik hitzetatik jota, hortik soinu eta abestietara eta azkenik objektuetara iritsiz, plazaratzen diren galdera irekiak honakoak da: Abesti bat al da erakusten dena? Zer inplikazio dakartza mezuari zuzenean erantzuteak? Izendatzen den unetik bertatik hasten al da zerbait existitzen? Marrazkiak, soinua, eskultura gorputza eta irudia erabiliko dira espresiobide gisa”.

Sormen prozesua gizarteratu eta partekatu egin hai dute, eta alde horretatik dibulgazio ekintza ezberdinak (topaketak, jarduerak eta elkarrizketak) antolatuko dituzte herriko talde eta eragile ezberdinekin. Oraingoz, herriko hezkuntza zentroekin -ESCIVI Zine eta Bideo eskola barne- eta Andoaingo Punttuka bertso taldearekin elkarlanean jarduteko konpromisua hartu dute.

Arte-garaikidea gizarteratzeko gogo horri laguntzeko, Iñigo Gomez, Itziar Gutierrez eta Ane Lekuonak landutako testuak irakurgarri jarri dituzte Basteroko erakusketan.

 

Tailer eta jarduerak

Ane Azkona, Sandra Cuesta, Larraitz Torres eta Jone Laspiurrek, erakusketako hormetan beren zenbait artelan ikusgai jartzeaz gain, ikus-entzunezko zenbait proposamen txertatutako dituzte. Larraitz Torresek eta Sandra Cuestak Las Colombina´s musika proiektua egin dute elkarrekin: soinua lantzen dute, bata bestearekin lotutako kanten bidez. Ane Azkonak, bideoaren, instalazioaren eta ekintzaren artean egituratzen den saiakera egingo du, identitate-gatazka garaikideei erantzun pertsonalak emateko premiatik abiatuta. Jone Laspiaurrek, bideoklipa egin du, eta langile klaseak jasotzen dituen mezu sistematizatuetan du oinarri.

Bestalde, Ane Azkonak, BackGround tailerra gidatuko du Leitzaran institutuko DBH2ko ikasleekin.

Formal formal erakusketa Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailak bultzatutako Harriak 2021 programaren baitan kokatu behar da. Artisten sorkuntza prozesuetara eta arte garaikidearen praktiketara gerturatzeko aukera eman nahi du ekimenak, eta horretarako, elkarlanean lotzen ditu artistak hasiberriak, bitartekariak eta erakusketa-areto ezberdinak.

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!