Jose Manuel Martin amiantoak hil zuela berretsi du Donostiako epaitegiak

Aiurri 2021ko urr. 15a, 11:52
Asviamie elkarteko kideak Donostiako epaitegian, Martinen kasua aztertzen ari zirela, uztailaren 1ean

2019an Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak (INSS) Jose Manuel Martin Arroyo andoaindarraren aldeko ebazpena eman zuen, adieraziz lantokian arnastutako amiantoaren sustantziak eragin ziola minbizia, eta aitortuz gaixotasun profesionalak eragindako Ezintasun Iraunkor Absolutua. Fremap mutuak eta Fudike SLU enpresak Gizarte Segurantzaren ebazpen horren kontra helegitea jarri zuten, eta uztailaren 1ean aztertu zuten kasua. Orain jakitera eman denez, Donostiako epaitegiak atzera bota du helegitea.

Jose Manuel Martin 2017ko apirilaren 10ean hil zen, 61 urte zituela. Alargunak Martinen kasua gaixotasun profesionalaren gisa hartzeko eskatu zuen, halaxe aitortu zion INSSk. Martin erretzailea zela eta horrexegatik hil zela, eta ez amiantoaren hautsa arnasteagatik helegitea aurkeztu zuten mutuak eta enpresak argudiatzen zuten bezala.

Epaiak frogatutzat ematen du Martinek hainbat urtetan amiantoa ez ezik, silicea izeneko sustantzia ere arnastu zuela. Erretzailea izatearen argudioari dagokionez, epaiak Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinari eusten dio, alegia amiantoa bezalako sustantzia kantzerigenoa nahikoa dela langileari lanerako ezintasuna eragiteko, eta baita bere heriotza eragiteko ere, eta horrexegatik, garrantzi hutsala daukala erretzailea izateak ala ez izateak.

Asviamie amiantoaren biktimen euskal elkarteko kideek, Martinen familiari babesa adierazteko, elkarretaratzea egin zuten epaia izan zen egunean, uztailaren 1ean, eta orain sententzia ezagututa, pozik agertu dira. “Beste behin, epaiak indargabetu egin ditu mutuek eta enpresek azaldu ohi duten arrazoia, amiantoaren biktimak erretzaileak izatearena, alegia. Horrekin, enpresek eta osasungintzako zenbait profesionalek edo instituzioek langileen osasuna babesteko daukaten erantzukizuna saihestu nahi izaten dute, prebentziozko neurriak hartzeko orduan. Onartezina den iruzurra egin nahi izaten dute horrela. Tabakismoa kaltegarria dela inork ez du ukatzen, baino horrek ezin du ezkutatu milaka langilek minbiziaren sortzaile diren sustantzia kantzerigenoarekin lan egiten jarraitzen dutela”.

Amiantoak lan istripuek baino heriotza gehiago eragiten dituela erantsi dute Asviamieko kideek. “Europako Batasunak jakinarazi duenez, prebentzio neurririk gabe lan egiteagatik urtean 200.000 langile hiltzen dira Europan; minbizia aipatzen du eragile nagusitzat, kasuen %53etan".   

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!