Asteartean eta ostegunean entsegu lanak egin eta gero, konpartsa kalera irtengo da larunbat honetan. Eta haiekin batera, Tolosako dultzaineroak. Herriko hainbat haur eta gaztetxo ikusteko gogoz izango dira, pandemia tarteko denbora luzez ez baita kalejirarik egin. Eguraldiak lagunduz gero, goiz pasa polita izango da.
Azelaingo bikotearen panpinak
Andoaingo Udalak erraldoien gomazko figura berriak aurkezteko aukera baliatuko du larunbat honetako ekitaldia. Are gehiago, erraldoien historia hobeto ezagutzeko aukera izango da Goikoplazan antolatu duten ekitaldian. Azelaingo bikotea dira egin dituzten gomazko lehen bi panpinak, eta 30 euroko prezioan salgai izango dira udalerriko hainbat merkatalgunetan. Honako hauetan: Delgado, Ernaitza eta Stop liburundendetan eta Anita, Amabi eta Pottoko merkatalgunetan. Dagoeneko salgai dira aipatu tokietan.
Larunbateko kalejira goizeko 11:00tan abiatuko da Zumea plazatik, eta eguerdiko 12:00tan amaituko da Goikoplazan.