Nolako istorioa eta pertsonaiak, halako kontakizuna

Xabier Lasa 2021ko urr. 23a, 09:00
Alfonso Mendiguchia, Aurora Herrero, Patricia Estremera, Maria San Miguel eta Pablo Rodriguez aktoreak Basteron, solasaldian.

Maria San Miguel aktore eta zuzendariaren antzerki konpainiak "Rescoldos de paz y violencia" izeneko proiektua edo trilogia osatu du azken urtetan, euskal auzia gaitzat hartuta; hots, Proyecto 43-2, La mirada en el otro eta, Viaje al fin de la noche izenburuko obrekin.

Lehena eta hirugarrena ikusi ahal izan ditugu egunotan Andoainen eta Lasarte-Orian, bi udalen bizikidetza mahaiek antolatuta. Ikusi ezin izan dugun bigarrenari buruz, berriz, adierazi zaigu Maixabel filmaren eskema jarraitzen duela –nahiz eta dena aitortzera, antzerkia lehenago gorpuztua izan–.

Trilogiaren indarra

Baditu azpimarratzeko balioak Valladolid-Madrileko San Migelen antzerki taldeak. Hasteko, dokumentazio lan bat daukala egina, aurrez; hots, elkarrizketa mordoa eginda, euskal gatazkaren alde biolentoa modu batera edo bestera sufritu duen jendearekin.

Egongo dira antzerkia-trilogia nik baino ikuspegi artistiko-profesional sendoago batetik epaituko dutenak, baina antzerki zale soil baten begietatik, esango nuke bost antzerkilariek lan bikaina egiten dutela, sinesgarritasuna transmititzen dutela betetzen dituzten paperetan.

Balio erantsi gisa gainera, antzezpenen ostean, aktoreek ikusleen aurrean jartzeko ausardia hartzen dute, horiekin tertulian jarduteko.

Bi solasaldi horietan, San Migelek argi adierazi zuen zer nahi zuen lortu trilogiarekin: biolentziak eragindako min pertsonalen kanporatzea eszenifikatu, ariketa enpatikoa eginez norberaren mina besteenekin partekatu, eta, azken batean, pedagogia egin euskal testuinguruko memoriaren inguruan.

Irudipena dut taldeak kemenez aldarrikatzen duela, eta lortzen, mezu garbi bat zabaltzea: antzerkia kultur adierazpenik zintzoena eta sinesgarriena izan daitekeela bizipen biolentoek utzitako zauri pertsonalak deskribatzeko orduan. Antzerkia, zinema edo literatura baino indartsuagoa izan daitekeela egite horretan. Antzoki batean, zuzen-zuzenean, aktoreen eta ikusleen artean sortzen den sinbiosia ezin baitezake berdindu ez zineak ez literaturak. Hori aldarrikatzen dute antzerkigileek, eta bat nator uste horrekin.

Trilogiaren ahulezia

Aurretik adierazi behar dut ez dudala sinesten biolentziak markatutako etapa historiko bati buruzko “kontakizun partekatu” batean. Ez dauelako mota bakarreko ez biktimak ezta biktimen eragileak, hasteko eta behin. Asko jota, giza eskubideen urraketen deskribapen aseptiko bezain zorrotz bat edukitzera aspira dezakegu; eta hortik aurrera, nahi duenak nahi duen kontakizuna defenda dezala. Patria eta Maixabel-ek zerbait erakutsi badigute, honako logika da: biolentziazko iragana gogoan hartuta nolako kontakizuna nahi duzun zabaldu, halako pertsonajeak eta egoerak hautatu eta deskribatu beharko dituzula.

Logika horri eusten dio antzerki-trilogiak ere, eta diskurtso politiko jakin bat transmititzen digu. Jakina, zilegitasun osoa dauka hori egiteko. Ezer kritikatzekotan, asmo hori garbi ez azaltzea da, eta zintzo jokatu ordez, ikusleari adieraztea politikaren gainetik dauden giza sentimenduetan sakontzeko antzerkia egiten dela.

Goazemazue bi antzerkiak aztertzera. Andoainen taularatutako lehenbiziko antzezlanaren sinopsiak “Bost pertsona errealitateari buruzko bost pertzepziorekin” dio, eta espektatiba handiak zabaltzen zaizkio antzerki zaleari, euskal herritarren arteko pentsamendu aniztasuna erretratatuko zaiolakoan. Baina zerekin egiten du topo? ETAk inongo erantzukizun politikorik ez zuen gizon anonimo bat hiltzen du, eta handik hamar urtera, bost pertsona biltzen dira afari batean: hildakoaren alarguna eta bi seme alaba, eta familiaren bi lagun. Azken bi horietako bat gizarteko “gehiengo isileko” kidea da, eta bestea, ezker abertzaleko kidea da, hiltzaileen konplize edo antzeko aurkezten zaiguna. Beste hitzetan esanda, hamarkadetan dinamika biolentoa gerta zedin inongo ardurarik eduki ez duten lau, eta nola halako ardura eduki duen bat.

Lasarte-Orian ikusitako antzerkian, berriz, ETAk hildako emakume errugabe baten semearen eta GALek hildako ETAkide hiltzaile baten alabaren arteko solasa antzezten zaigu. Apolitikoa da semea, eta kontrara, alabak, ETAren borroka armatua ulertu-justifikatzen du.

Trilogian, guztira, bederatzi pertsonaje taularatzen dira: lehen aipatu zazpiak gehi bigarren antzerkiko beste biak (ETAkide damutua eta berak hildako baten alarguna).

Bi taldetan lerratzen dira guztiak: batean, sei kide, biolentziazko errealitatean ardurarik eduki ez arren biktima bilakatu direnak; eta bestean, “mundu biolentoko” hiru partaide, horietako bat erabat damutu dena, eta beste biak borroka armatua legitimotzat jotzen segitzen dutenak nahiz eta ETAren biktimen minarekin enpatia sentitu. Alegia, azken hiru horiek, beste taldeko seiak ez bezala, “jatorrizko bekatua” bizkarrean dutela agertzen dira.

Horixe da antzerki-trilogiaren planteamendua esentzian, eta beraz, nekez pentsa daiteke intentzionalitaterik ez dagoenik pertsonajeen eta beren profilen hautaketan. Azken batean, hautaketa definitu horrek erabat markatzen du antzerkiak gatazkari buruz erakusten duen ikuskera.

Hara adibide ilustragarri bat, ideia hori azaltzeko: Lasarte-Orian antzerkiaren osteko tertulian, intsumituak defendatu zituen Donostiako abokatu bakezale batek hartu zuen hitza, eta 80ko hamarkadan hiru aldiz atxilotu eta hirutan torturatu zutela kontatu zigun, barru-minak tarteka hizketaldia eteten zion arren. Maria San Miguelen antzerki taldeak ikusle hori eta bere torturatzaileetako bat oinarritzat hartuta laugarren antzerkia egin beharko balu, ziur komeriak izango lituzkela gaiari nondik heldu asmatzeko orduan, euskal gatazkaz osatuta daukan ikuspegia auzitan jartzea ekarriko bailioke horrek.

Hemen, gurean, nork bere “errelatoa” gizarteratu nahi du, eta horixe argi utzi digu PSE alderdiaren esku dagoen Foru Aldundiko Kultura sailak egunotan. ETAren amaieraren 10. urteurrenarekin batera hiru ekitaldi mota antolatu ditu: ikastetxetan hiru antzerki horien antzezpena eta ondoren solasaldiak biktima, politiko, historialari, kazetari eta gizarte-elkarteetako kideekin; egile askoren artikuluekin aldizkari berezi bat; eta, ETA eta euskal kultura jorratzen duen erakusketa bat. Parte-hartzaile izateko nortzuk kontratatu dituzten ikusita, argi dago antolatzaileak ederki saiatu direla ideologikoki gertukoak izan zitezen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!