"Fideltasun handia erakutsi digute"

Aiurri 2021ko urr. 21a, 19:09

Virginia Gonzalez Gonzalez Sastreriko arduraduna da. Pandemia hastearekin batera hartu zuen negozioaren ardura. Zailtasunez beteriko bidean, aurrera doa. Lan asko eginez, baina herrikideen babesarekin hunkituta.

Dendaren ardura hartu eta Covid-19ak gogor kolpatu zuen gizarte osoa. Nola bizi izan zenuen egoera hura?

Zaila izan da, ziurgabetasuna handia baitzen. Ez zen salmentarik, eta kontutan izan hemen saltzen ditugun produktuak urte bat lehenago erosten ditugula. Beraz, arropa berria dendan bertan nuen. Irtenbide bat bilatu behar zen, eta maskarillak egiteari ekin nion. Zetazko tela politak hartu, eta dendan nuen josteko makinarekin enkarguzko maskarilak egiteari ekin nion. Osagaiak berehala agortu ziren, eta bilaketa lanari ekin nion denda txikiagoetan. Ahal nuena egin nuen, ordu asko eman nituen zeregin horretan. Dendak zabaltzeko aukera izan genuenean eguerdiko tartea baliatu nuen lanak aurreratzeko. Eta gauez etxean jarraitzen nuen lanean, goizeko ordu txikiak arte. Oso lo gutxi egin nuen garai hartan, baina beste bezero mota bat dendara hurbiltzeko baliagarria izan da. Itxuraz denda gizonezkoentzat zirudien, eta orain gure eskaintza gazteagoei begira dagoela ikusi ahal izan dute.

Eusteko hilabeteak izan dira, eta ezagutarazteko aukera baliagarria izan da. Nahi gabe ere, uste dut jendeari lanean jarraitzeko gogo bizia nuela erakutsi diodala. Ilusio handia nuela erakutsi dut. Denda aurrera ateratzeko saiakera berezia egiteko prest nengoen.

Zu zara arduraduna, baina zure gurasoek abiatutako bideari jarraipena eman diozu.

1975ean zabaldu zuten negozioa, neu jaio nintzen urtean hain zuzen. 46 urte dira, beraz. Denda txikia zen, eta aitak gerora handitu egin zuen. Gerora, emakumeei zuzendutako negozio berria ireki zuten. Eta Donostian beste denda bat gehiago zabaldu zuten. Orain lan egiten dudan denda da ireki zuten lehena, eta hemendik heldu nahi diot negozioari.

Nola gogoratzen dituzu garai haiek?

Oso ezberdina zen dena. Merkatalgune gutxiago zegoen, eta ondorioz konpetentzia txikiagoa zen. Internet ez zegoen, noski. Eta oso ezberdina zen dena. Hemen, hogeita bost urte atzera eginez, lau langile ari ziren lanean.

Bezeroak orain askoz gehiago erreparatzen dio erosi behar duenari. Erabaki aurretik ikusteko eta aztertzeko aukera ugari ditu. Arropa denda da, gizonezkoei begira, baina oso fidela den bezeroa dut. Eskaintzen dugun zerbitzuagatik hurbiltzen dira hona, zalantzarik gabe. Bezeroa hemendik pozik ateratzen da.

Zertan aldatu da negozioa?

Egunean egoten ahalegindu gara beti, ardura nagusia aitak zuenetik. Ildo horri eusten diogu orain. Sport moduko arropan espezializatu gara.

Pandemia tarteko, sare sozialei begira jauzia eman duzu.

Komunikatzeko modu ona dela ikusi nuen, eta bestalde animoak emateko aukera baliatu nuen. Bereziki, pandemiaren hasierako asteetan. Gertutasuna adierazten saiatu ginen, bertan jarraituko genuela jakin zezaten.

Zer nolako egoeran dago orain tokiko merkataritza?

Zaila da egoera. Konpetentzia handia dago, eta bestetik merkatalgune handiak daude. Erosleak azterlan handiagoa egiten du orain. Uste dugu hobe dela arropa on bat erostea eta ez kalitate txarreko hogei. Kontzientzia hori galtzen ari dela iruditzen zait. Erabili eta bota, erabili eta bota..., gure industria kutsakorrena bilakatzen ari da. Planetari kalte egiten diogu jokabide horrekin, eta uste dugu hobea dela arropa gutxiago erostea, eta erosten dena kalitatezkoa izatea.

Eremu handiko guneak geroz eta gehiago dira, eta geroz eta gertuago daude.

Eta hori oso kaltegarria da tokiko merkataritzarentzat. Arreta pertsonalizatuan dugu bereizteko aukera. Orokorrean hedadura handiko merkatalguneetan ez dute bezeroa behar bezala aholkatzen. Denda txikietan arazoei konponbidea ematen diogu, merkatalgune handietan ez. Bezero bat hemendik bi egunetara konpromiso handi bat izanez gero, hemendik bikain jantzita aterako da. Dendan josten geratu behar badut, bezeroa bikain egon dadin ahaleginduko naiz. Nire bezeroak hori badaki.

Internet da bigarren mehatxu handiena?

Nire kasu zehatzean ez. Nik eskaintzen ditudan markak internet sarean daude, baina produktu berdina prezio berean eskaintzen du. Ondorioz, bezeroak nahiago du hona etortzea eta hemen erostea.

Gabonen ataria ez da negozioentzat sasoi txarra izaten.

Urteko sasoi onena izaten da. Gizonezkoak ohikoan beharrezkoa denean bakarrik erosi ohi du. Pandemia garaia arazo bilakatu da, alde horretatik. Gehiengoak ez duelako erosteko premia berezirik sentitu. Zutenetik tira egin dute. Gabonetan opari onak egiten dira, eta iazkoa oso garai ona izan zen. Oso eskertuta gaude Andoaingo bezeroekin. Fideltasun handia erakutsi digute.

Eta urtarrila-otsaila garai zaila da.

Beherapen garaia da, eta ez dira hilabete errazak. Baina dendan jarraitzen dugu, udaberrirako prest.

Tokiko merkataritzan etorkizunik ba al dago gazteentzat?

Etorkizuna izango du kalitatezko zerbitzua eskaintzen bada, eta bezeroarekin egiazko harremana lortzen bada. Bezeroa ondo zaindu behar da. Adibide bat jarrita, bezero batzuk telefonoz egiten didate eskaera. Euren neurriak baditudalako, eta eskatu didatena etxeraino ematen diedalako. Tokiko merkataritzaren balio erantsia horrelako zerbitzuetan erakutsi behar da. Badago tokiko merkatariak eskaintzen dion denbora eta konfiantza behar beharrezko duena. Horri eutsi behar diogu.

Bestalde, pentsatzen jarrita, kaleak hutsik geratuko lirateke. Eta merkatariok kaleari, herriari halako poztasuna ematen diogula iruditzen zait niri. Oraindik gazte garen merkatariok etorkizuna kezkaz bizi dugu, ez baitakigu zehazki zer gertatuko den.

Zuen negozioan aldaketa handia egin duzue.

Ezkontzei eta antzeko ospakizunei begira lan asko egin izan da hemen, eta orain sport moduko arropa gailentzen ari da. Arropa funtzionala da gehien saltzen duguna, 14 urtetik gorako gazteengandik hasita.

Negozioa ireki behar duen merkatari gazteari zer esango zenioke?

Ezberdina izaten ahalegindu dadila. Bezeroa zaindu beharra dago, eta bezeroarekin zintzotasunez jokatu. Salmenta bat galtzeak merezi du, bezero horri eutsi nahi badiozu. Garrantzia handikoa da hori. Merkatari gazteak ez du aurrean bide erraza topatuko baina ilusioari eutsi diezaiola. Aitak pandemia aurretik erretiroa hartu zuen, eta niri egokitu zait aro zail horri aurre egitea. Lan asko egin behar izan dut, ordu asko dendan. Ez nuen etsi eta etxean maskarillak egiteari ekin nion. Kasu horretan Instagram leiho interesgarria bilakatu zen. Hemen egindako maskarillak Madrilen saltzea lortu nuen.

TicketBAI egitasmoaren aurrean zein iritzi duzu?

Bizi dugun garai honetan ez nago sistema ezartzearekin ados. Nirea bezalako negozio batean gehien-gehienak txartelarekin ordaintzen du. Beraz, ez dakit zergatik ezartzen didaten sistema zehatz bat, eta sistema hori abian jartzeko tresneria erosi beharra. Ez diot zentzurik aurkitzen, egia esan. Absurdoa dela deritzot, ez da horrelakoak txertatzen hasteko unea.

Zerbait gehiago erantsi nahiko zenuke?

Animoak bidali nahi dizkiet merkatariei, eta gora Andoain!  Niretzat garrantzia handikoa izan da herrikideek eskaini didaten babesa. Oso eskertuta nago [emozioak gainezka egiten dio].

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!