Arrantzarako joera pizteko, hastapen ikastaroa

Xabier Lasa 2021ko urr. 24a, 09:00

Joseba Barandiaran arrantzan aditua da eta Ontza elkartean arrantzaren saileko arduraduna azken hogei urtetan. Hurrengo asteetan Leitzaranen ikastaroa gidatuko du, Bisitarien Etxearekin elkarlanean.

Joseba Barandiaranek (Andoain, 1966) etxetik jaso zuen arrantzarako grina, eta Leitzarango ibaira itsatsita igaro ditu bere bizitzako hainbat ordu, kainaberari helduta. Arrantzarekin gozatzeaz gain, besteek ere goza dezaten erraztasunak jartzea gogoko izan du betidanik, eta Ontza elkartean arrantzaren saileko arduraduna da azken hogei urtetan. Hurrengo asteetan Leitzarango ibaian hastapeneko ikastaroa gidatuko du, Bisitarien Etxearekin elkarlanean. Arrantzarekin lotutako aisialdia gainbehera doala eta, Barandiaranek nahitaezkoak ikusten du arrantzaren dohain eta balioak gizarteari zabaltzea.

Norentzat antolatu duzue ikastaroa?

Hastapenekoa da, eta edonorentzat dago zuzenduta. Adin mugarik ere ez dugu jarri. Ikastarora profil desberdineko jendea etorri liteke: arrantzaren gainean ezer ez jakin arren baduena interesa, zerbait dakiena eta hobetu nahi duena, iraganean praktikatu zuena eta utzita zeukana…

Azken batean, oso modu malguan jokatuko dugu; seiko taldea izateak ematen digu aukera nahiko pertsonalizatua izan dadin ikastaroa, eta bakoitzaren beharretara molda gaitezen. Hizkuntzaren aldetik ere, nahiz eta printzipioz euskaraz izan, ez dago arazorik ulertzea kostatzen zaionarekin gaztelaniara jotzeko.

Etorkizunari begira, hasitako bideari jarraipena eman nahi genioke; ikastaroen bideari eutsi, hastapeneko nahiz sakontzeko ikastaroak antolatuz.

Parte-hartzaileek zer eraman beharko dute ikastarora?

Federatua egoteaz aparte, (oso merkea da), batez ere gogoa eta interesa, besterik ez. Bisitarien Etxeko biltegian badago arrantza egiteko behar den materiala (kainaberak, botak, amuak…), eta horixe erabiliko dugu. Gaur egun arrantza ez da merkea eskatzen duen materialaren ikuspegitik, eta alde horretatik, ikastaroa egokia izan liteke hutsetik hasteko asmoa eduki dezakeen parte-hartzailearentzat, aukera emango baitio diru-gastua egin aurretik proba dezan arrantzak benetan asetzen dion ala ez.

Aurreratu al dezakezu pittin bat ikastaroaren edukia?

Bi zati izango ditu, teorikoa (Bisitarien Etxean) eta praktikoa (Leitzaran ibaian bertan), eta funtsean, eulien muntaian trebatzea eta arrantza-mota desberdinen (bolarekin, koilaratxoarekin, latigoarekin…) lanketa egingo dugu. Aparte, Arkaitz Martin Arrantza Federazioko ibai-zainak eta Olaia Garcia Bisitarien Etxeko langileak hitzaldi bana emango dute, arrantzari lotutako araua eta legeei buruz batek, eta Leitzarango bailararen eta ibaiaren bioaniztasunei buruz besteak.

Ikastaroaz baliatuta, filosofia edo mezu jakin bat transmititu nahi genuke: arrantza aisialdi polita da naturarekin harremanetan jartzeko. Naturarekin gozatzen duzu, ibaiarekiko errespetua eta zaintza kontuan hartuta.

Premiazkoa ikusten duzue hastapen ikastaroa…

Jarri den kuota beharrezkoa den materiala erosteko izango da, ez inor aberasteko, izan ere, arrantza sustatzea baita gure asmo bakarra. Kontua da gainbehera doazela ibaiko arrantzaren praktika eta arrantzaleen kopurua. Ikusi besterik ez dago: Gipuzkoak hamar milatik gora federatu edukiko zituen iraganean, gaur egun, ordea, ez dakit bi milara iristen ote diren. Gazteak ez dira hurbiltzen, hori da errealitatea.

Iraganean, Andoaingo gazteen eta helduen artean egundoko zaletasuna bizi zen arrantzarako…

Halaxe da. Nahikoa zen kainabera bat edukitzea, eta bezperan txitxareak harrapatzea. Asteburuetan-eta, Andoainen makina bat gazterentzat nahiko normala izaten zen goizean goiz jaiki eta Leitzaranera abiatzea. Etxe askotan, oraindik ere topatuko duzu kainabera zaharraren bat, gordeta.

Zeintzuk dira arrazoiak, ohitura hori galbidean egon dadin?

Arrazoi ugari daude, nire ustez. Hasteko, gazteen artean ez da arrantzarako zaletasuna sustatzen. Eta ezarri diren arau eta legeek ez dute batere laguntzen, nolabait, profesionalizatu eta garestitu egin baitute arrantza; atzendu egin dituzte gazte zein heldu asko. Lehen kainabera eta txitxarea edukitzea, eta galtza motzak janztea nahikoa zen, ibai ertzean aritzeko. Gaur egun, aldatu egin da arrantzarako estiloa; debekatuta dago txitxarea erabiltzea, uretan sartuta egiten da… Emaitzei begira eraginkorragoa da egungo arrantza, baina baita konplexuagoa ere, eta batez ere, materialari begirako diru-inbertsioaren ikuspegitik. Lehen, moldatzen zinen 15 euroko aurrekontuarekin; egun, gutxi gora behera, botetan 150 euro joaten zaizkizu, kainaberarekin 150 euro, aparejuekin beste 700 euro… 

Bestalde, iruditzen zait federazioaren aldetik ere nahiko utzita dagoela gazteen artean sustapen lana; arreta handiagoa jartzen zaio lehiaketen munduari, eta herrialdean dauden ibaien “kotoen” kudeaketari.

Ez da batere erraza izango teknologia berrietara eta pantailetara lotuta bizi den gazte bati arrantzaren dohainak “saltzea”…

Baldintza asko dauzka kontra arrantzak. Ez da ordu betean egin daitekeen gauza, hiruzpalau orduko dedikazioa eskatzen dizu gutxienez, eta kasik ezinezkoa zaio eguna ikasketekin eta eskolaz kanpoko ekintzekin beteta bizi den haur edo gazte batentzat…

Bestalde, haur edo gazte horri naturak ez badio deitzen, nekez piztuko zaio arrantzarako joera. Ez dago erraza kontua, baino beste aisialdi mota askorekin egiten den eran egin liteke ahalegina; interesa pizteko kanpainen eskutik, etxetik hasita eta gizarteko hainbat eremuetan jarraituz. Gurasoak gainean egon daitezke, baina ahalegin handia eskatzen du horrek; erosoagoa da mugikorraren edo PlayStationaren esku uztea seme-alabak.

Noiz eta nola egin daiteke arrantza Leitzaran ibaian, egun?

Leitzaran ibaiari dagokionez, hil gabeko arrantza bakarrik egin daiteke. Bi espezie arrantzatu litezke: bertako amuarrain komuna eta Amerikatik ekarritako ortzadar-amuarraina; azken hori antzututa askatzen da, bestearekin ernalketarik ez gertatzeko. Arrantzarako eremu librea, Labordeko (Olaberri) zentral hidroelektrikoko presatik honuntza, Oria ibaiarekin bat egin artekoa da. Haruntza, Nafarrora aldera alegia, arrantza-esparrua ezarri da (irailetik martxora bitarte), eta bertan arrantza egiteko eguneko 10 euro ordaindu beharra dago. Leitzarango bide berdean autoek mugikortasuna mugatua edukitzea jarri zen arrazoitzat koto edo esparruen sistema ezartzeko orduan, baina egin zezaketen Nafarroan bezala, arrantzara joan nahi den aldiko baimen berezi bat ateratzea, alegia. Leitzaran ibaia paradisua da arrantzaleentzat. Gipuzkoan eta Euskadin arrantzarako ezinbesteko erreferentzia bilaka daiteke, baina ez gara jabetzen gertu-gertu zer daukagun. Gipuzkoan, Araxexen eta Leitzaranen egin daiteke arrantza intentsiboa, eta estatu osoko (Madril, Katalunia, Asturias, Gaztela…) makina bat arrantzale bertaratu ohi da, negu partean ia ez daukatelako beste tokirik, arrantza praktikatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!