2021/11/17 19:00

Martin Ugalderen mendeurrena: Dokumentala

Martin Ugalderen mendeurrena: Dokumentala
Bastero Kulturgunea, Andoain

"Jainkoak ez dit barkatzen" filma ikusteko aukera izango da, azaroaren 17an. Martin Ugalde eta Lezo Urreiztieta aurrez aurre ageri dira ikus-entzunezkoan, eta berez bigarrena da protagonista nagusia. Baina abiapuntua Martin Ugalde berarekin egindako elkarrizketa da, eta haren irudiak ikusteko aukera izango da.
Edukiari dagokionez, Lezo Urreiztieta zenaren bizitza aurkezten da. Martinez zuzendariak 2018an egin zuen filma eta trailerreko aurkezpenean honako hau adierazten da: "Lezo Urreiztietak milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat, ehunka pertsonari bizitza salbatu zien, Franco akabatzen saiatu zen… Lezo Urreiztietaren historia harrigarria, bere ahotik".
Filmak ezinbesteko ditu Martin Ugaldek egindako elkarrizketaren audioak, zintak, kontakizunaren ardatza protagonistaren ahotsa baita. Dokumentala 19:00etan eskainiko dute Bastero Kulturgunean, eta ondoren Josu Martinez zuzendariarekin solasaldi batean parte hartzeko aukera izango dute ikusleek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!