Garcia organo jolearen eta Goia-Aribe saxo jolearen kontzertu berezia, San Martin parrokian

Aiurri 2021ko aza. 5a, 16:02
Garcia eta Goia-Aribe (Argazkia: A. B. Garcia)

Ana Belen Garcia organo jole andoaindarrak eta Joxetxo Goia-Aribe saxo jole doneztebearrak San Martin parrokian kontzertua emango dute, larunbat eguardian (12:00). Soinu-bikote berezi honek ganbara-musika estiloari eutsiko dio, eta C. M. Widor (1844-1937) konposatzailearen zenbait obrez gain Goia-Aribek berak sortutako piezak interpretatuko ditu.

Honako abestiak, hain zuzen: Eunate, Lamento foral, Baile de las ballestas, Me miserum, Oi Jesusen ama, Agnus dei, eta, Agur jaunak.

Egun berean, baina ilunabarreko 20:00etan, Ana Belen Garciak bigarren kontzertu batean hartuko du parte; Easo Abesbatzarekin batera izango da oraingo honetan, Donostiako San Bizente elizan, 20:00etatik aurrera. “Gipuzkoako Organoak Plazara” izeneko kultur-programazioan kokatzen dira bi kontzertuak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!