Ezkutuan dagoen indarkeria matxista ikusarazteko premia

Aiurri 2021ko aza. 26a, 13:51

Andoainen ekitaldi xume batez bidez egin zuten bat emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunarekin, atzo. Mirari Irurtzun biolin joleak eta Ane Urbizu akordeoi joleak eman zioten hasiera Ondarretako ikastetxeko jolaslekuan egin zen ekitaldiari (bideoan ikusgai), eta segidan, egunerokotasunean emakume askok pairatzen dituzten biolentziazko zenbait egoeren kontakizunak entzun zituzten parte-hartzaileek.

2002az geroztik Gipuzkoan indarkeria matxistak hil dituen emakumeak eta haurrak hartu nahi izan zituzten gogoan. Ainhoa Aiertza aurkezleak izendatu zituen zortzi emakumeak (Miriam, Rakel, Angeles, Charo, Jasmin, Clara, Nagore eta Belen) eta lau haurrak (Markel, Aicha, Julen eta Irati),

Emakume erakundearen azterlan bat hizpide izan zuen Aiertzak: “indarkeria jasaten duten emakumeen erdiak bakarrik jotzen du zerbitzu publikoren batera laguntza eske. Beste erdia ezkutuan dago. Baina ez bakarrik biktimen erdia. Erasotzaileen erdiak ere ezkutuan daude. Gure lagunak, gure bizilagunak, gure lankideak… izan daitezke. Horrexegatik, oraindik ere beharrezkoa da indarkeria matxistaren ikusezintasunaren aurka borrokatzea. Horrexegatik, oraindik ere beharrezkoa da emakumeentzat espazio ziurrak eraikitzea, auto-jabetzarako bideak eraikitzea, zaintza partekaturako eremuak eraikitzea. Eta horrexegatik ere, beharrezkoa da erasotzaileei adieraztea ez ditugula gure ondoan nahi. Ez dugula itsuarena egingo gure lagunak bere bikotekideari mespretxuz eta erasokor hitz egiten dioenean, ez dugula gorrarena egingo gure auzikideak bere etxekoak oihuka iraintzen dituenean, ez garela mutu geldituko gure ahizpak kontatzen digunean bere bikotekideak urteak daramatzala gaizki tratatuz, kalean gizon jatorra badirudi ere”.

 Biolentzia matxista ez dela soilik prentsan eta telebistan agertzen dena gaineratu zuen Aiertzak. “ezkutuago dagoen errealitate horri begira jarri beharra daukagu. Eman diezaiogun argia. Erantzukizun kolektiboak hartuz lortuko dugu indarkeria matxistarekin bukatzea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!