“Andoain Garbia” kanpaina, lurrean uzten diren poltsei aurre egiteko

Aiurri 2021ko aza. 29a, 13:45

Edukiontzietatik kanpo uzten diren poltsak bildutako frakzio ez-birziklagarri guztiaren %20, (320 tona urteko). 60.000 eurotakoa da horien tratamenduaren kostua, eta kezka agertu du Andoaingo Udalak. Horrexegatik, informazio-kanpaina jarriko du martxan herritarren artean kontzientzia sortzeko, Tolosaldeko Mankomunitatearekin lankidetzan.

 

Hondakinak egoki sailkatzeko eta dagozkien edukiontzietan uzteko beharra azpimarratuko du informazio-kanpainak. Hiru helburu lortu nahi dira kanpainarekin: edukiontzien inguruan kanpoan lurrean utzitako hondakinak saihestea, ingurumen-inpaktua murriztea, eta baliabideen erabileraren eraginkortasuna hobetzea.

Joan den ostiralean eman zuten jakitera kanpaina, udal gobernuak udaletxeko kontsejupean egin zuen agerraldian. Mari Jose Izagirre Zerbitzu zinegotziak adierazi zuenez, ”pertsonen jokabide negatiboak keinu positibo eta errespetuzko bihurtu nahi dira, hondakinen gaikako bilketa eraginkorrago baten alde”.

Hondakinak ondo sailkatzearen aldeko kanpainak, txartel gorriak eta horiak erabiliko dituztela ere iragarri zuten, hain zuzen, lurrean utzitako zaborrei pegatina gorri bat ipiniko zaie. Gogorarazi zutenez, egilea nor den jakinez gero, 90,10€ arteko isuna jarri ahal izango zaie,  udal ordenantzaren 40.3A artikuluak agintzen duen gisa. Pegatina horia erabiliko da gaizki utzitako traste zaharren kasuan, eta egilea identifikatuz gero 90,10 € arteko isuna jar dakieke.

Maider Lainez Andoaingo alkateak herritarrak hobeto birziklatzera deitu zien, “Andoaingo Udalak aitortzen du egungo testuinguru zailak ez dituela gauzak erraztu, baina andoaindarrak gero eta gehiago eta hobeto birziklatzera gonbidatzen ditugu, gure gizartearentzat eta gure planetarentzat hainbeste onura dituen ahalegin txiki hori indartuz”.

 

%64ko birziklapen tasa

Udal gobernuko kideek beste zenbait azalpen emateko baliatu zuten kontsejupean egindako agerraldia.

Gaikako bilketaren arloari dagokionez, Izagirrek azaldu zuen “Andoaingo herriak gaikako bilketarekin eta birziklapenarekin duen konpromisoa ukaezina” dela, baina pandemia ezin dela “guardia jaisteko arrazoia izan”. Gehitu zuen 2021ean udalerrian bildutako gaikako bilketaren tasa metatua % 64 ingurukoa dela, “% 65 baino zertxobait txikiagoa, udal ordezkari politiko guztien artean urte honetarako ezarritako muga, Europar Batasunak 2035erako ezartzen duen nahitaezko helburua”. 2022rako %70eko helburua lortu behar dela, eta horretarako “premiazkoa izango dela ahalegin kolektibo handia”, adierazi zuen.

Beste zenbait datu ere eman zituen agerraldian, Izagirrek. Andoainen 370.000 kilo hondakin inguru sortzen dira hilean (edukiontzien bilketa eta ostalaritzatik datorren bilketa batuz). Bestalde, honela banatzen da edukiontzietan bildutako hondakinaren sailkapena: %37ko errefusa, %20ko organikoa, %13ko ontzi arinak, %10eko beira eta %16ko papera. Horrela, biztanle bakoitzeko egunean 0,8 kilogramo sortzen da.

Udal gobernuko ordezkariek gogorarazi nahi izan zuten ezinbestekoa dela poltsa konpostagarriak erabiltzea organikoaren kudeaketan, eta txartel horiek doan eskura daitezkeela Anbrosia Olabide gizarte-zerbitzuen zentroan eta Allurralde kiroldegian. Tamaina handiko traste zaharrei dagokionez, berriz, gogoratu zuten astelehenetan egin behar dela, 20:00etatik aurrera; bilketa egiteko 943 67 62 16 telefonora deitu liteke, edo www.tolosaldekomankomunitatea.eus webgunearen bidez eskatu. Bestelakoan, Aranaztegi industrialdean dagoen Garbigune erabil daiteke, bere ordutegia izanik astelehenetik ostiralera (09:00-12:30 / 16:00-19:00) eta larunbatetan (09:00-13:30).

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!