Ama Kandidak sortutako Kongregazioaren 150. urteurrena ospatu zuten

Aiurri 2021ko abe. 17a, 12:00
Gipuzkoako zenbait “Jesuitina”, herenegungo ekitaldian: Ana Zubiri, Pakita Lizaso, Lurdes Lete, Maria Dolores Alonso, Blanca Ester Iriarte, Maria Angeles Eskudero, Koro Agirre, Mari Karmen Orbegozo eta Rosario Iraola

Ekitaldi berezia egin zuten Berrozpen asteazkenean, Jesusen Alaben Kongregazioa aurten bere 150. urteurrena ospatzen ari dela eta. Hizlari ugarik hartu zuten hitza, eta Katrin Iturraldek zuzentzen duen Musika Eskolako helduen abesbatzak emanaldia eskaini zuen; besteak beste, Ama Kandida eta Berrozpe abestiak interpretatu zituen. Bideoz, biak ikusgai:

Maider Lainez eta Txitxu Ruiz udal ordezkariek, Iñaki Zabaleta Andoaingo San Martin elizako parrokoak eta Kongregazioko ordezkari Blanca Ester Iriartek hartu zuten hitza, eta guztiek ere 2010ean Erroman Santu aitortu zuten Ama Kandidaren bertuteak goraipatu zituzten; bere garairako emakume aurreratutzat jo zuten, neska gazte txiroen hezkuntzan kementsu saiatu zelako.

 

Bi abesti, ez oso zabalduak

Udal Musika Eskolako helduen abesbatzak lau abestik osatutako kontzertua eskaini zuen; tartean, andoaindarren artean aski zabalduak ez dauden Ama Kandida eta Berrozpe.   

Ama Kandida abestia Joan Luis Atxegak konposatu zuen, eta Pello Esnalek hitzak jarri zizkion. Hona bere hitzak:

“Hemen bildu gaituzu zuk, Ama Kandida: zure ametsak eta gureak bat dira. Zure proiektuari darion distira gure bizitza ere argitzen ari da. Zure da. Behartsuentzat tokirik ez dutenen etxean, niretzat ere ez dago ez haien etxean eta ez haien bihotzean (bis).

Lehen ametsak zaindu zizkizun herriak bereak ditu zure gose egarriak, bereak nahi lituzke zure iturriak, maitasunez lantzeko gizaki berria. Bereak. Behartsuentzat tokirik badutenen etxean, niretzat ere badago bai haien etxean eta bai haien bihotzean (bis)”.

Berrozpe abestia, berriz, Karmen Azpiazu Jesusen Alabaren sormenetik irtendakoa da 1946an, Berrozpe baserria kapera gisa moldatu eta inauguratu zen egunerako espreski. Aniceto Zugastik ipini zizkion letrak:

“Berrozpe gure Berrozpe, etxe “zaar” berritua/”Leio txiki artan” dezu. Amatxoren sorlekua (bis)/ Antziña Amaren sorleku, orain Jaunaren etxea./Gaurtik Amaren elizatxoan, Biziko Jesus maitea!/Berrozpe zu izango zera, guretzat poz iturria./Beti zu gaurtik aurrera, gure maitasun kabia!”.

 

Agiri historikoak, digitalizatuak

Ekitaldian, Myriam Ulanga musikariak jakinarazi zuenez, bere garaian Berrozpeko elizako koroan zeuden zenbait partitura (tartean “Ama Kandida” abestia) eta eskuizkribu hartu egin zituzten, digitalizatzeko asmoz. Geroztik lan horretan aritu dira Roberto Muñoz eta Myriam Ulanga bera, eta herenegun, itzulketa ekitaldia burutu zuten; Txitxu Ruiz kultura zinegotziak Kongregazioko kide den Lurdes Leteri eman zizkion digitalizatutako agiriak.

 

Ama Kandidaren ibilbide oparoa

Juana Josefa Zipitria Barriola Ama Kandida  Kaletxikin sortu zen, Berrozpe baserrian hain zuzen, 1845eko maiatzaren 31n. Salamancan, 1912an hil zen.

Ibilbide emankorra osatu zuen Ama Kandidak, eta 2010ean Benedicto XVI. Aita Santuak Erroman kanonizatu zuen. Hona segidan, andoaindarraren biografia laburtua, zenbait datu esanguratsuren eskutik .

17 urte inguru zituela, Burgosera joan zen. Zazpi ahizpetan zaharrena zen eta ez zuen heziketarik jaso. Horrenbestez, neskame lanetan hasi zen familia aberats batentzat. Familia hura Valladolidera joan zen bizitzera eta bera ere bai, haiekin batera. Valladoliden zegoela ezagutu zuen Miguel Herranz jesuita. Haren laguntzarekin erabaki zuen bere etorkizuna erlijiora eta heziketara bideratzea, batez ere emakumeei zuzenduta.

Salamancara joateko erabakia hartu zuen orduan, garai hartako hezkuntza gune nagusia bertan zegoelako.

1871eko abenduaren 8an Jesusen Alaben kongregazioa sortu eta hezkuntza arloan lanean hasi zen, 26 urte zituela. Beste bost emakumerekin batera eman zituen lehen pausoak. Denbora gutxira, zenbait eskola irekitzea lortu zuen, Salamancan eta inguruko herrietan lehendabizi, eta beste hainbat tokitan geroago. Gaztela inguruan hainbat ikastetxe zabaldu ondoren, Euskal Herrira zabaldu zuen bere ekimena. Hemen ere eskolak eraikitzen hasi baitziren.

Bera hil aurretik, Brasilen bi etxe irekita zeuden dagoeneko. Filipinetan, Hego Amerikako hainbat herrialdetan, Afrikan, Asian…, Jesusen Alaben kongregazioa premia larrian dauden herrietan zabaldu da. Hain zuzen, munduko 190 herrialdeetan zabalduta dago, eta 21 ikastetxe dauzka bere ardurapean. Eginkizun ebanjelizatzailea da bere kongregazioaren helburu nagusia, eta hainbat arloetan aritzen dira bere kideak: hezkuntza arautua, katekesia, osasunaren pastoraltza, alfabetatzea, emakumearen sustapena, gizarte eta eliz erakundeekiko lankidetza…

 

Berrozpe kapera

XIX. mendean Berrozpe baserria etxebizitza ezberdinetan banatua zegoen eta bere familia eskuin aldera zegoen bizigunean bizi zen. Urteak pasa ahala, Berrozpe baserria hutsik geratzen joan zen eta 1926an enkantean jarri zuten. Oso egoera txarrean zegoen ordurako. Juan Olazabal donostiarrak erosi zuen 1926ko urriaren 12an, 12.000 duroren truke. Etxea Jesusen Alaben kongregazioari oparitzea erabaki zuen, baina etxea ez zen erabilgarri izan 1946ra arte.

Egun, mundu zabaletik, Kongregazioko kideen eta fededunen bisitari ugari hurbiltzen da Andoainera. Bereziki, Ama Kandidaren jaioterria ezagutu asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!