"Kirola egiteko aukera ukatuz gero, gaztetxoek beste ohitura batzuetara joko dute"

Mikel Arberas 2022ko urt. 20a, 10:45

Hautsak harrotu ditu aurreko astean Eusko Jaurlaritzak Eskola-Kirola ekimeneko lehiaketak urtarrilaren amaiera bitarte bertan behera uzteko aginduak. Sergio Garcia irakaslea, entrenatzailea eta eskola-kirolako koordinatzailea da.

Gurasoek eta kirol federazioek muturreko neurriarekin ados ez daudela adierazi dute. Gaiaren gaineko iritzia jakiteko, LaSalle Berrozpe ikastetxeko irakaslea, Euskaldunako entrentzailea eta Eskola-Kiroleko koordinatzailea den andoaindarrarekin hitz egin du Aiurrik.

Ze iruditzen zaizu eskola kiroleko partidak bertan behera uztearen erabakia?

Egia da azken asteetan kutsatzeek gora egin dutela eta neurriak hartu behar direla. Baina, argi eta garbi, horien artean koherentzia mantendu behar da. Zera esan nahi dut, osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte, haur eta gazteen garapen-prozesua kontuan eduki gabe; hori ere osasuna da, ezinbestekoa dute eta eragin handiko jarduera da beren egoera psiko-sozialean.

Kirola egiteko eta sozializatzeko aukera hori ukatuz gero, beste ohitura batzuetara joko dute. 

Hala ere, espero dugu, urtarrilaren 28tik aurrera neurri hauek indargabetu eta normaltasuneranzko bidea hartzea. Arestian aipatu bezala, ez zait oso koherentea iruditzen helduagoak direnek gauza asko egiteko aukera edukitzea, eta haur zein gazteei asteburuan partida bat jokatzeko eskubidea ukatzea. Badira egoera ulertzen ez duten haurrak: "Zergatik debekatzen didate aire librean partida bat jokatzea entrenamenduak egiten ditugunean, eta gurasoak musukorik gabe tabernan egon daitezkeenean?", diote. Ulergaitza egiten zaie. Pentsatu nahi dut neurri hori ezartzearen arrazoi nagusia herrien arteko nahasketa ekiditea dela.

Eraginkorrak al dira neurri horiek?

Ez dut uste. Kasu honetan, haurrari modu jarraituan eta arautuan kirola egiteko aukera kenduz gero, beste alternatiba bat bilatuko dute; esaterako, Andoaingo zein beste herrietako kaleetan kirola egiten saiatuko dira. Aitortu beharra daukat, ez dakidala Eskola-Kiroleko partidak etetearen erabakia zehatz mehatz zergatik hartu den. Egun, ez du zentzu askorik. 

Erdibideko erabaki baten alde egongo zinake?

Jakina. Gauzak ez dira zuriak edo beltzak. Ez da beharrezkoa horrelako kirol jarduera garrantzitsua etetea. Segurtasuna bermatzeko neurri txikiagoak hartu daitezke, esaterako, aire librean egonda ere musukoa jartzea edo talde txikiagotan banatzea, nahiz eta gogokoak ez izan. Haurrak izan dira ia osotasunean arau eta neurri guztiak ongi bete dituzten bakarrak, moldatzeko gaitasun izugarria dute, eta, oraingoan ere, egoera berrira moldatuko lirateke, arazo handirik gabe. Zoritxarrez, erdibideko zerbait bilatu beharrean, errazena egin dute, debekatu. Gainera, umeek ia txintik esan gabe bete dituzte ulergaitzak diren mila neurri, baina beti eurak dira kaltetuak. Berriro diot, ez da erraza neurriak hartzea, baina gauzak zentzuarekin egin behar dira.

Koronabirus kasuak edo agerraldiak eduki al dituzue eskola kirolean edota futbol entrenatzaile gisa pandemian?

Kasuren bat eduki dugu, baina oso gutxi, eta agerraldirik ez da jazo taldean. Entrenamenduak eta partidak dituzte, baina beste egunetan gune ezberdinetan mugitzen dira, askotariko jendearekin. Zera esan nahi dut, Eskola-Kirolean ez dira denbora luzez aritzen eta aire libreko jarduera da. Beraz, seguruenik kutsatuz gero kirol orduetatik kanpo izango zen. Espazio segurua dela esango nuke. 

Asko dira azken hilabeteetan kutsatu diren haurrak...

Haurrek, oro har, oso ondo bete dituzte orain arte ezarritako arauak; musukoa jarrita edukitzen dute, burbuiletan banandu dira eta ez dira kexatzen. Azken hilabeteetan umeen kutsatze tasa izugarri handitu da, bai, eta beldurra edukitzea guztiz normala da. Alabaina, gabonetan kutsatzeek nabarmen egin dute gora, eta, nik dakidala, ez da Eskola-kirolik egon opor garaian. Beraz, nondik datoz kutsatzeak? 

Irakasle, entrenatzaile eta eskola kiroleko koordinatzaile gisa, partidarik ez egoteak nola eragiten die haurrei?

Ezinbestekoak diren bizipen ugari oztopatu dituzte, eta ikaskuntza-eta garapen-prozesua geldiarazi dute. Irakasle eta entrenatzaile ikuspuntutik ohartzen gara haurrek eta gazteek asko ikasten dutela taldean egiten diren kirol-jardueretatik. Egoera errealekin bizitzen ikasten dute; besteak beste, lagunarteko haserreak konpontzen, galtzearen tristura gainditzen edota irabaztearen poza sentitzen. Gaztetxoen ikuspuntutik oso zoriontsua da kirol-jarduera eta legediak kendu egin die zoriontasun puska hori. Haurrak asteburua iristeko desiatzen egoten dira guraso, lehengusu edota lagunen aurrean aste osoan zehar ikasitakoa eta entrenatutakoa erakusteko.

Berriro esango dut: gauzak ez dira zuriak ala beltzak. EskolaKirolaren eta partiden gaineko neurriak hartu daitezke, baina, horretarako, ez da beharrezkoa bertan behera geratzea. Koherentzia egon behar da hartzen diren erabakietan, batez ere, kirolaz gozatu nahi duten gazteen eskubidea bermatzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!