Andoain Laburrean lehiaketan parte hartzeko aukera datorren urtarrilaren 28an amaituko da

Aiurri 2022ko urt. 24a, 07:00

Andoaingo Udalak Zine eta Bideo Eskolarekin (ESCIVI) batera antolatzen duen lehiaketan parte hartzeko azken txanpan sartu gara, lanak aurkezteko epea datorre urtarrilaren 28an amaitzen baita. Ikus-entzunezkoen alorrean trebatzen ari diren gazteentzat aukera aparta da.

Ainhoa Aiertza ESCIVIko ordezkariak aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez “lehiaketak ikus-entzunezkoen alorrean murgilduta dauden gazteen artean interes handia sustatzen du”.

Aurten 16-28 urte bitarteko gazte ez-profesionalek hartu ahal izango dute parte, eta bideo laburra osatzerakoan gaia librea izango da.

Alexander Huitzi zinegotziak hizkuntzarengan arreta berezia jarri zuen: “Andoain Laburrean lehiaketa euskaraz sortzeko eta kontsumitzeko apustua da. Izan ere, oinarrietan agertzen den moduan bideo laburrean hizkuntza eduki guztiak euskaraz izan beharko dira".

Lehiaketak izango du lotune bat parte hartzaile guztien artean. Izan ere, irudietan elementu amankomuna erabiltzeko apustu egin dute. Andoaingo Udaleko Euskara sailak argitaratu berri duen Anjel Lertxundiren “Herriminaren prosak” izeneko liburua nonbait agertu behar da, istorioaren elementu garrantzitsu edo zeharkako elementu gisa.

Aurkezten diren bideoek 2021eko otsailaren 1etik 2022ko urtarrilaren 28ra bitarte grabaturikoak behar dute izan. Nola ez, lanak originala izan behar du, orain arte argitaratu gabea. Ez da onartuko aurrez beste lehiaketaren batean aurkeztutako lanik.

Sariak

Lehenengo saria 500 eurokoa izango da, eta bigarren saria 300 eurokoa. Bestalde, sari berri bat sortzen da, “ikuslearen saria” deiturikoa. Ikusleek www.andoaindarraeuskaraz.eus webgunean bozkatu ahal izango dute bere bideo laburrik gogokoena, otsailaren 5etik 13ra, eta boto gehien jasotzen duen bideoaren egileak Bastero Kulturguneko zinemarako bi bazkidetza bono eskuratuko ditu.

Lanak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 28a da. Lanarekin batera datu pertsonalen fitxa aurkeztu behar da. My Air Bridge (www.myairbridge.com) bidez bidali behar dira bideoak .mov edo .mp4 formatuetan. E-posta bidez aurkeztu behar dira lanak:  euskarazerbitzua@andoain.eus .

Sari banaketa ekitaldia datorren otsailaren 17an izango da, Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoan arratsaldeko 19:00tan hasiko dena.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!