Berriki ireki ditu ateak herrian Laguntza fisioterapia zentroak, Zubitxo plazan. Jokin Ramos Gonzalez fisioterapeuta urnietarra dago proiektuaren atzean: joan den ostiralean egin zuen irekiera-festa eta harrera beroa jasota, prest da, aspalditik buruan zebilkien ideiari forma emanda, pixkanaka, martxa hartzeko.
Ostiralean ireki zituen ateak ofizialki Laguntza fisioterapia zentro berriak. Zer moduzko harrera jaso zenuen?
Zoragarria izan zen, eskerrak eman nahi dizkiot etorri zen jende guztiari oso babestua sentitu bainitzen, gainera proiektu honek aurrera egin izana beraiei esker ere bada.
Dagoeneko, martxan da Laguntza fisioterapia. Zerk bultzatu zaitu zure zentro propioa irekitzera?
Aspalditik buruan nuen ideia bat zen eta iaz pausoa ematera animatu nintzen. Orain arte, oro har, hiru adar desberdinetan egin dut lan: batetik, klinikako lanetan, min eta lesio traumatologikoak landuz; bestetik, kirol fisioterapian; eta, azkenik, etxez etxe, hauskortasun-sindromearen aurkako ariketa terapeutikoak eginez. Hirurak zentro propio batean konbinatzeko momentu egokia iruditu zait.
Urnietakoa zara zu, sortzez. Gertutasuna ekartzen al dio horrek zentroari?
Hori da behintzat helburuetako bat: lana komunitatearen ongizaterako eginez, herritarrek zentroarekiko gertutasuna sentiaraztea.
Fisioterapeuta izateaz gain Osteopatia ikasketetan ere bazabiltza murgilduta. Zer ematen dizu bi diziplinak uztartzeak?
Ez zait bien arteko ezberdintasuna egitea gustatzen, lehenago egin ditudan espezializazioak eta kurtsoak bezala, baloraziorako eta tratamendurako aukera gehiago izatea da helburua, ikuspegia handitzeko bidean. Osteopatiaren kasuan, terapia manualean trebetasuna irabazteaz gain, biomekanika eta fisiologia hobeto ulertzen laguntzen ari zait, gorputzaren sistemak osotasun batean ikusteko.
Zein zerbitzurekin egingo du topo hona gerturatzen denak?
Pazienteari zuzendutako tratamendu indibidualarekin, kasu bakoitzean bere helburuak lortzeko behar dituen balorazioak eta tratamenduak eginez. Horretarako, arrazoiketa klinikoa, ekografia, eskuzko terapia, terapia inbaditzailea (puntzio lehorra eta neuromodulazioa) darabilzkit, bai eta ariketa terapeutikoak ere.
Gaur egun, gehienbat, zer dela eta jotzen du jendeak zuregana?
Denetik izaten dut, esan bezala, biztanleriaren sektore desberdinekin egiten dut lan eta. Orokorrean, dituzten minak eta lesioak tratatzera edo prebentzioa egitera etortzen dira. Kirolarien artean, horiek tratatzeaz gain, deskargak egitera edo muskulatura aktibatzera etortzen direnak ere badaude eta, adinekoei begira, beren bizi kalitatea hobetu eta hauskortasun-sindromea atzeratzen dituzten ariketak egiteko jo ohi dute niregana.
Zenbateko kostua dute saioek?
Ordubeteko saioak 50 euroko kostua daukate eta, aldiz, ordu-erdikoek 30 eurokoa.
Nola egin beharko dute herritarrek Laguntzan hitzordua eskatzeko?
Aukera asko dituzte hitzordua eskatzeko: Laguntza fisioterapiaren web-orrian galdetegi bat betez, Instagram bidez, WhatsApparen bidez edota telefonora deituta honako bi zenbaki hauetako batera: 688 734 113 eta 943 036 070.