Gorua Goiena baserriak Interneteko konexio ultra azkarra du

Aiurri 2019ko mar. 29a, 15:30

Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarri duen LandaGipuzkoa+ programari esker, Gipuzkoako 49 herri txikitako 2.040 baserritan Banda Zabal Ultra Azkarra ipiniko da.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapen, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako diputatuak Asteasuko Gorua Goiena bisitatu dute goizean, Banda Zabal Ultra Azkarraren instalazio prozesuaren aurrerapenak gainbegiratzeko.

Asteasuko herrigunetik 2 kilometrotara kokatzen da Gorua Goiena baserria eta bertan bizi dira Joseba Otaegi eta Maria Jesus Hidalgo beren bi alabekin. Goiene gaztak enpresaren jabeak dira. Markel Olanok adierazi duenez, "legealdi hasieratik helburu izan dugu lurralde orekan aurrera egitea, hiriguneetan dagoen zerbitzu eta ongizate maila landa eremura eramanez". Bizirik dagoen landa eremu lehiakorra eta erakargarria nahi dutela gehitu du Olanok.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2.355.892 euroko laguntza eman dio Espainiako Telefonica enpresari Banda Zabal Ultra Azkarra 2.040 unitate higiezinetara eramateko. Beti ere, Gipuzkoako 2.500 biztanle baino gutxiago dituen herrietara eta herrigunetik bi kilometrotara dauden baserrietara.

Bost herritan instalatu da Internet konexio azkarra
Ezkion, Zaldibian, Amezketan, Larraulen eta Asteasun instalatu da Banda Zabal Ultra Azkarra. Instalazio prozesuaren lehen fasea orain dela bi hilabete hasi zen, eta 31 herriri eragiten die. Herri horietara Interneteko konexio azkarra irailaren 30erako heltzea espero da.

Prozesua kobertura jartzean amaitzen da, eta ondoren jabe bakoitzak nahi duen zerbitzua kontratatu dezake. Horretarako 10 egun gehiago behar izaten dira.

Segunduko 5 Mb-tik 600 Mb-ra
Gorua Goiena baserrian ADSL bidezko segunduko 5 Mb teorikoko konexioa zuten. Zuntz optikoaren instalazioarekin, segunduko 600 Mb-ko konexioa dute. "Josebaren eta Maria Jesusen familiak, eskola adina duten bi haurrekin eta negozio txiki baten jabe direnak, hirigune batean bizi den beste edozein familiak izan ditzakeen beharrak ditu. Abiadura altuko Interneteko konexioa izateko aukera izatea justua da. Gainera, Banda Zabal Ultra Azkarra ate bat da landa inguruneko ekonomiari bultzada emateko".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!