Asteasun hasiko da Gipuzkoa Bertsotan

Aiurri 2019ko api. 9a, 11:50

Udazkenean hasiko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Aurretik, ordea, Gipuzkoa Bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea jokatuko dute. Asteasun egingo dute lehen saioa, maiatzaren 4an.

Bertsoari eta bertsozaletasunari estu lotutako herria da Asteasu. Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena dela eta, ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte aurten, gainera. Maiatzaren 4an, Gipuzkoako txapelketarako sailkapen faseko lehen saioa hartuko du Asteasuko udaletxeak, 17:00etan hasita.

Amaia Iturrioz Etxaniz, Aitor Salegi Martija, Eñaut Martikorena Lizaso, Aitor Tatiegi Loidi, Maddi Aiestaran Iparragirre eta Uxue Alkorta Iturbe arituko dira kantuan. Maddi Labaka Mayozek egingo ditu aurkezle lanak.
 
Eskualdeak beste saio bat ere hartuko du. Izan ere, maiatzaren 18an Zizurkilgo Atxulondo Kultur etxean izango baitute hitzordua bertsozaleek. 17:00etan hasita, Maider Arregi Markuleta, Jokin Bergara Eguren, Mikel Iturriotz Etxaniz, Joritz Bastarrika Albisu, Itxaso Piquer Insausti eta Oihana Arana Cardenal arituko dira bertsotan. Inaxio Usarralde Arantzadi izango da aurkezlea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!