Nekane Txapartegiri babesa emateko elkarretaratzea egin dute Asteasun

Aiurri 2019ko mai. 22a, 21:45

Espainiako Auzitegi Nazionalak deklaratzera deitu du Nekane Txapartegi gaur goizean, baina bere ordez bere Suitzako abokatuak hitz egin du bideokonferentziaz Espainiako Auzitegi Nazionalarekin.

Arratsaldean elkarretaratzea egin dute herriko plazan Nekane Txapartegiri babesa adierazteko. Bere neba Joseba Txapartegik azaldu duenez, "Bernara deitu dute deklaratzera bideokonferentziz Audientzia Nazionalera. Deklaratzera agertu ezean Bernan atxilotzeko arriskua zuen". Hala ere, bere Suitzako abokatuak hitz egin du Txapartegiren ordez. "Deklaratzera sartzeari uko egin dionez, ezin izan du bideokonferentzia egin den salara sartu, eta bere Suitzako abokatua sartu da. Audientziko fiskalak oso haserre agertu omen dira Nekanek ez duelako deklaratu eta adierazi dute ez dutela onartzen abokatu suitzarra egotea bera errepresentatzen. Mehatxuren bat ere bota omen dute".

Orain erabakiaren zain geratu direla dio Txapartegiren nebak: "Zain gaude batetik audientziak zein pauso ematen duen, eta bestetik, Suitzako estatuak ere nola jokatzen duen".

Bestalde, Txapartegi pozik omen dago Suitzan jasotzen ari den babesarekin. Bere nebak adierazi du 200 lagun inguru joan direla Zurich-etik Bernara autobusez Txapartegiri babesa eskaintzera, eta Suitzan sortzen ari den mugimendua garrantzitsua izango delakoan dago Suitzako gobernuak hartu beharreko erabakietarako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!