Sanpedroak 2019

Trikitixa doinuen alaitasuna

Juan Tapia Asteasuko trikitilari eta pandero-jotzaileen irakaslea da. Urtero, hutsik egin gabe, San Pedro jaietan hartzen dute parte, harrera bikaina jasoz.

 

Eskarmentu handiko trikitixa eta pandero irakasle zaitugu...

Hamabost bat urte daramatzat. Proiektua proposatu zidatenean, etxean trikitixa jotzen nuen, eta geroztik nire afizioa ofizio bilakatzea lortu dut.

Erraza al da ogibide bilakatzea?

Ez, oso zaila dago. Garai batean oso desberdina zen. Ez da erraza. Modu ezberdinean bizi daiteke musika. Afizioa izan daiteke, baina musika ogibide bilakatzea oso zaila da.

Zer Ikusiko dugu aurtengo jaietako emanaldian?
Aurten, formatua zertxobait aldatu dugu. Lehen talde handia ateratzen ginen, eta aurten gaztetxoak talde txikiagotan atera- ko dira. Badakit eurentzat zailagoa izan daitekeela, baina irakaslerik gabe jendaurrean jotzea posible dutela ikustea ere garrantzitsua da.

Gogoko al duzue herrian jai giroa sortzea?

Bai, herriak behar du. Eta ikasleak berak ere ikasteko plazara ateratzea beharrezkoa du. Ikasturtean zehar ikasitako hori jendaurrean plazaratzea eta herriko ekintzetan parte hartzea garrantzitsua da.

Asteasu bezalako herri txikirako trikitilari eta panderojole askotxo zaudete.
Halaxe da, bai. Horrelako biztanle kopuruarekin horrenbeste trikitilari eta panderojole izatea ez da oso ohikoa. Asteasun beti izan da musika estilo honekiko grina.

Zer esaten diezu ikasleei oholtza gainera igo aurretik?

Urduritasun gehiago sortzen du herrian bertan jotzeak, kanpoan jotzeak baino. Herrian ezagunak, lagunak eta familia baitaude. Eta ez da erraza izaten. Oso ezberdina da, gainera, kalejiran edo oholtza gainean aritzea. Segurtasunez igotzeko aholkua ematen diet.

Kalejiraren eta emanaldiaren alde, zer esango zenuke?
Oso polita da, 7 urtetik hasi eta 70 urte bitarteko trikitilari eta panderojoleak batera ikusteko aukera dago. Denen artean oso giro polita sortzen da. Guztion artean ere ondo pasatzera anima daitezela.

Igandeari begira gauza bera. Herri kirol lehiaren ostean giro polita egon ohi da, eta ikuslegia gugana gerturatzera animatuko nituzke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!