Sanpedroak 2019

Migel Mari Izagirre omendu dute San Pedro egunean

Aiurri 2019ko eka. 29a, 15:05

Asteasuko jaietan San Pedro eguna ari dira ospatzen gaurkoan. Txistularien dianarekin hasi dute eguna 10:00etan. Ondoren, meza nagusia, soka-dantza, hamaiketakoa eta pilota eskolako txapelketako finalak. Arratsaldean eta iluntzean musika izango da protagonista.

27 urtez Asteasuko Udaleko langilea izan den Migel Mari Izagirre omen du udalak. Urtero moduan, goizean mahaiak eta aulkiak prestatzera joan da izagirre Elizmendira. Ondoren, seme zaharrenaren konpainian bertaratu da festara. Eta hantxe topatu ditu Pili Legarra Asteasuko alkatea eta zinegotziak berari omenaldia egiteko zain. Herriko bertsolaria den Haritz Mujikak bertsoa eskaini dio, eta Legarrak bertsoko hitzekin eta Izagirreren irudiarekin bildu diren kuadroa eman dio. Hauxe bertsoko mezua:

Herritik eta herriari
eman diozu ugari
ta gaur ez al da nabari?
Erretiroa izango dezu
konpromisoaren sari.
Bizitzaren ingeniari,
soluzioaren emari,
mila eske Migelmari!

1992ko uztailaren 20an hasi zen udalarentzat lanean Izagirre. Pili Legarra alkateak adierazi duenez, "27 urte igaro dira konturatzerako. Urte guzti horietan lankide izan gara. Lankide eta lagun ere bai". Lanbide ugaritako lanak egin dituela ere azaldu du Legarrak: "Hemen duzue gure herrirako izan zen igeltsero, arotza, iturgina, elektrizista eta beste hainbat eta hainbat zulo tapatu dituen gizona. Edozer gauzaren konpontzaile bikaina izan da Migel Mari. Beti esan dizut Migel Mari eta honela aitortzen dut gaur ere herriko ingenierorik hoberena izan dela".

Amaitzeko Izagirrek bere lehengusu zenari keinu egin nahi izan dio. "Udaletxera etorri nintzenean nahiko dudak banituen, egia esan. Eta eskerrak bidaltzen dizkiat hemendik, nire lehengusu Asentxiori. Txalo bero bat berarentzako. Berak animatu ninduen. Batere damurik ez dut egun. Gauza asko egin ditut, eta egiteko geratzen dira; baina egin dituenak errokekin egin ditu. Udalak jarri dizkigun lanak, hainbat eta hainbat, erronka izan dira guretzat. Egin behar da eta ahal den ondoen, udalari eta herriari ahal den ondoen eutsiz. Udaleko langileekin oso harreman ona izan dut. Benetan eskertzekoa da eta inoiz ahaztuko ez zaidana. Herritarrei zabalduta egon behar du udalak, bestela jai dauka. Eta noiz ikusi hobeto orain baino! Udala lanea ondo ari bada, herriak erantzuten du. Herriak oraingoan ere erantzun du, eta nik uste udaleko makil txiki hori esku onetan geratu dela. Txalo bero bat oraingo udalari!".

Omenaldiaren ostean, soka-dantza ikusteko aukera egon da, eta bertan herritar batzuek ere hartu dute parte. Azkenik, pelota eskolako eskuz banakako txapelketaren finalak ospatu dira, aurrebenjamin eta benjamin mailan.

Egitaraua

18:00 Kalejira herriko musikariekin, buruhandiekin eta erraldoiekin.
19:30
Bonberenea txarangaren musika kalez kale.
21:00
Herri afaria. Ondoren, Bonberenea txaranga.
00:00 Kontzertuak: Gozategi eta Meliora.

*Gaueko autobus zerbitzua eskainiko da [ordutegia].

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!