Drone ikastaroa eta hegaldia Asteasun

Aiurri 2019ko abe. 5a, 10:22
Jon Ander Lopetegi AMCko koordinatzailea, eskuetan dronea duela.

Erronka nagusia hurrengo urteari begirakoa da, hain zuzen, Asteasuko gazteen artean dronen lasterketetan lehiatzeko taldeak sortzea. AMC enpresak diruz lagunduko lituzke interesa agertzen duten gazteak; droneak montatzen eta erabiltzen ikas dezaten, eta baita lehiarako prestatzeko ere.

Erreportajea osorik: Aiurri aldizkariaren 550 zenbakian.

Dronea montatzen eta aireratzen ikasteko ikastaroa antolatu du Asteasuko AMC enpresak, Udalaren laguntzarekin, abenduaren 28rako. Ikastaroa 11:00tatik 13:30era izango da Asteasuko pilotalekuan, eta 15:30etik 20:00etara dronen lasterketen erakustaldia eskainiko du Iberian Drone League elkarteko Bilboko Euskadi Drone Racing taldeak. 12 eta 18 urte bitarteko asteasuarrei zuzendutako ikastaroa da, eta orotara 50 gaztek eman dezakete izena. Gainera, ikastaroaren amaieran dronea jasoko dute opari parte-hartzaile guztiek, eta baita ikastaroan parte hartu dutela adierazten duen diploma ere.

Jon Ander Lopetegi AMC enpresako koordinatzailea da eta hark adierazi duenez, "Euskal Herrian oso lehiakorrak gara. Kirol munduan, esaterako, Behobia lasterketa dugu, futbolean bost euskal talde ditugu lehen mailan... Teknologiaren mundua, berriz, urruti ikusten dugu. Gazteak bultzatu nahi ditugu teknologiarekin harremanetan jartzera. Nola? lehiaren bitartez". Horretarako Gabonetako oporraldia aproposa dela dio, gazteek eskolik ez dutelako ezta eskolaz kanpoko ekintzarik ere.

Euskadi Drone Racing taldea da Euskadi mailan lehiatzen den drone talde bakarra, eta Madrildik eman zioten horren berri Lopetegiri: "Madrilera deitu nuen, Iberian Drone League elkartera, Euskal Herrian talderik ba ote dugun galdetzeko. Esan zidaten Bilbon badagoela talde bat, eta beraien telefono zenbakia eman zidaten". Deitu eta egun gutxi barru Asteasura gerturatu zirela azaldu du, eta AMC enpresan bertan antolatu zutela bilera beraiekin eta Asteasuko Udaleko kideekin. Azpimarratu duenez, berehala etorri ziren bat ikastaroaren gaia aipatutakoan, eta Udalaren jarrera bereziki eskertu du Lopetegik. "Udalaren jarrera oso ona izan da. Gu hor gaude, baina Udalaren laguntzarik gabe ez litzateke posible izango ikastaroa antolatzea". Horregatik eman nahi izan zaie lehenik aukera Asteasuko gazteei. 

Izena emateko aukera
12 eta 18 urte bitarteko hogeita sei asteasuarrek eman dute izena abenduaren 2ra bitarte. Ikastaroa oraindik guztiz bete ez denez, eskualdeko gazteei zabalduko zaie deialdia. Luzatu egin dute epea eta interesa dutenek, Asteasuko udaletxera jo behar dute. 
Abenduaren 28ko drone lasterketen erakustaldira familian joateko gonbita luzatu dute AMC-tik; interesa agertzen duten gazteei, dronen mundua gertuagotik ezagutzeko eta ikasteko aukera eskainiko baitzaie.

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
  • Zizurkil: Ogi-zuri okindegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!