Asteasun, oroimen historikoa hitzez eta kantuz gaurkotzen

Xabier Lasa 2019ko abe. 18a, 13:26

Aiztondon 1936ko oroimen historikoaren inguruan azken urtetan egin diren berreskuratze lanak izan zituen hizpide Karlos Almortza Aranzadiko kideak Iturriondo jatetxean egin zen ekitaldian, joan den ostiralean. Ondoren, Fermin Balentzia kantagileak bere betiko kantu ezagunekin kontzertu gogoangarria eskaini zuen.

Aranzadiko kideak 2013an hasi ziren lanean, Aduna, Asteasu eta Zizurkigo Udalek eskatuta. Geroztik, zientzia elkarteko talde teknikoak eta dozenaka gazteek aipatu herri horietako mendi inguruetan lubakiak berreskuratzen aritu dira urtez urte; faxismoari aurre egin zion euskal erresistentziari lotutako lubakiak dira hain zuzen ere.

Beste sei bat urtetarako lana aurrikusita daukatela adierazi zuen Almortzak Asteasuko ekitaldian. “Lubakiak berreskuratzeaz agin, dokumentazio mordoa biltzen joan gara azken urteetan, eta historia ondo aztertu eta idatzi nahi dugu, gero modu xume bezain eraginkorrrean zabaltzeko eta informazio panelen laguntzaz mendi ibilaldi tematikoak osatzeko”.

36ko gerratearen hasieratan Aiztondo aldeko fronteak izugarrizko garrantzia eduki zuela aitortu zuen Almortzak. “Inguru hauetan gertatu ziren EAJ-PNV eta EAE-ANV alderdien lehen hildakoak, eta batez ere, inguru hauetan frankistei aurre egin zitzaien, gogor egin ere. Egia esan, aurreko egunetan sortu zuten Azpeitiko komandantziako agintariak beldurtuta zeuden frankistek Nafarroatik zekarten indar militarra zela eta; egin kontu, Beasainen 2.000 soldadu baino gehiago sartu zirela kalkulatzen da.

Almortzak nabarmendu zuenez, Errepublikaren aldeko indarrek asko inprobisatu behar izan zuten; Estornes Lasa komandantzia antolatzeko izendatu zuten, nahiz eta gizonak ez zuen sekula tirorik egin. Jende zibila gudari bilakatu, eta guztiak Euskal Herrian oporretan zegoen Saseta militarraren agindutara jarri zituzten. Hark diseinatu behar izan zuen kolpeari aurre egiteko estrategia militarra. Faxistak abuztuaren 16an sartu ziren Asteasun eta Andoainen, eta Sasetak ordurako erabakia zeukan mendi gainetan egin behar zela borroka. Era horretan, 34 egun iraun zuten Aiztondo aldeko liskarrek bi bandoen artean, Errepublikaren aldekoak amore eman behar izan zuen arte. Manuel Irujok idatzi zuen bezala, Aiztondo aldean defentsa militarra antolatu izanari esker eten ahal izan zuten etsaien ibilaldia denboraldi baterako; gainerakoan, ez zuten Jaurlaritzarik osatzeko aukerarik edukiko. Funtsezkoa izan zen denboraren faktorea”.

Fermin Balentzia kantagile nafarraren txanda heldu zen Almortzaren hitzaldiaren ostean, eta kontzertu hunkigarria eskaini zuen. Bere betiko kantutegiari ekin zion, oroimen historikoa edo euskal kantutegi tradizionala ardatz dituztenak (Amaiur, Maravillas, Triste bizi nahiz eta, Txantxangorri, Navarra tinene cadenas...). Doinu eta letra aski ezagunak dira bertan bildu ziren entzule gehienentzat, eta maiz lagundu zioten kantuan Balentziari.

Iturri ondoko ekitaldiari afari eder batekin eman zioten amaiera guztiek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!