Berrehun kiloko harriarekin lehian, Asteasuko pilotalekuan

Olatz Lasa 2019ko abe. 20a, 11:19

200 kiloko Harri Errektangularraren Txapelketa jokatuko dute igandean, Asteasuko pilotalekuan. Egitasmo berriak bere historia badu. Joxe Anjel Sarasolak azaldu duenez, "orain dela 29 urte Ostolaza atera zen txapelketa horretan, 16 urte zituen. Oraingoan ere animatu da 200 kiloko harria jasotzera. Ezagututa, behin baino gehiagotan jasoko duelakoan nago".

Azken urteetan Asteasun jokatu da Harri Handien Euskal Herriko Txapelketa. Aurtengoan, baina, txapelketa hori Azpeitian jokatu zen. Pasa den abenduaren 7an izan zen eta Aimar Irigoienek altxa zituen kilo gehien, 8.225 kilo, hain zuzen.

Asteasuarrak ez  dira txapelketarik gabe geratuko eta Euskal Herrikoaren ordez, 200 kiloko Harri Errektangularraren Txapelketa antolatuko dute. Datorren abenduaren 22an izango da, eguerdiko 12:00etan hasita. 

Izen handiko hamabi harri-jasotzaile lehiatuko dira 200 kiloko harriaren aurka: Joseba Ostolaza, Jon Goenatxo, Martin Mendizabal, Gorka Etxeberria, Julen Diaz, Xabier Aranburu, Iñigo Eizagirre, Aimar Galarraga, Inaxio Perurena, Aimar Irigoien, Jokin Eizmendi eta Xabier Peñagarikano. Horietako batzuk lehen aldiz saiatuko dira 200 kiloko harria altxatzen, hala nola Mendizabal edo Etxeberria.

Hiru minutuko bi tanda egin beharko dituzte, nork altxaldi gehiago eman. Berdinketaren kasuan, hiru jasoaldi azkarren ematen dituenak irabaziko du.

Aizkolariak

Abenduaren 31n, urtero legez, Urrezko Aizkolarien Txapelketa ospatuko da 17:00etan, Asteasuko Usarrabi pilotalekuan. Sarrerak egunean bertan erosi ahal izango dira pilotalekuaren atarian

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!