Bizimodu aldaketa egin aurretik, lantokitik iritsitakoan egiten zituzten baratzeko eta baserriko lanak. "Gustura ari ginen, baina hori ez zen erabat guk nahi genuena. Gure ametsa, kanpoko lan hori utzi eta osotasunean baserritik bizi ahal izatea zen. 2011n hartu genuen saiakera egiteko erabakia eta horretan ari gara geroztik", azaldu du Mikelek. Basherri sarean sartu ziren, eta barazki otarrak saltzetik bizi dira.
Baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena biltzen du Basherri sareak. Baserritarrek ekoizten dituzten produktuak merkaturatzeko eredu ezberdina dira, salmenta zuzena lehenesten duena, bitartekaririk gabekoa. Hileko kuota baten truke, baserritarrak astero bere produktuekin osatutako saski bat banatzen die taldeko kideei, adostutako leku, egun eta orduan.
Egian elkartzen dira Lizolateine baserriko kideak euren bezeroekin. "Astelehenetan egiten dugu banaketa. Otarkideak hara gerturatzen dira eta guk prestatutako saskia jasotzen dute". Egun osoko lana izaten dute astelehenetan, saskien prestaketan. Mikelek azaldu duenez, "goizean hasten gara produktuak baratzetik biltzen. Horiek garbitu eta sortatan prestatzen ditugu, eraman ahal izateko". Arratsaldeko 19:00etan joaten dira Egiara, saskiak euren bezeroei eramatera. "Familiek ikaragarri eskertzen dute barazkien freskotasun hori; goizean bildutakoa afaritan jan ahal izatea".Zuzeneko harremana dute otarkideekin, astero-astero. "Oso giro polita sortzen da. Aste horretako produktuen inguruan hizketan aritzen gara askotan, eta bakoitzak zein eratara prestatzen duen azaltzen du. Elkarrengandik ikasten dugu horrela".
Negu aldean lasaixeago ibiltzen dira Lizolateineko kideak. "Udan edo udazkenean landatutakoak biltzen ditugu, baina negua ez da garairik oparoena baratzean. Gainera, eguraldiak ez du laguntzen bestelako lanak egiteko ere". Udaberritik aurrera handitzen zaie lankarga. "Eta baita produktu kopurua ere". Otarkideek, noski, badute horren berri: "Adostuta izaten dugu. Neguko otarrak ez dira hain osatuta joaten, ez dagoelako hainbesteko ekoizpenik. Barazkiak ere beste mota batekoak izaten dira. Uda aldeko otarrekin orekatzen dugu hori. Gainezka joaten dira otarrak, produktuz bete-beteta".
-----------------------------------------------------------------------------------------------------
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
-
Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
-
Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.