Martxan da Mattin Gizarte Abentura

Ainhoa Gil 2020ko eka. 15a, 09:00
BeƱat Garcia Escribano gazte asteasuar ekintzailea.

Haur eta gazteei zuzendutako ekimen berria abiarazi du Beñat Garcia Escribano gazte asteasuarrak. Gazteei ekintzaile izaten erakustea da helburua. Ekainaren 8an jarri zuen martxan Mattin Gizarte Abentura.

Iazko Aste Santuan antolatu zuen Beñat Garciak lehen kanpaldia. “Apirilaren 26an eman genion hasiera lau egunetako esperientziari, eta oso polita izan zen. Haur eta gaztetxoek ez ezik, gurasoek ere parte hartu zuten. Izan ere, guraso askok ahaztua dute zer den jolasa eta zenbat gozatzen den. Ikaragarri polita izan zen. Gurasoen parte hartzea primerakoa, eta haurrek asko gozatu zuten. Oso esperientzia aberasgarria izan zen denentzat”, azaldu du Beñatek. 

Urtebeteko bidea

Haur eta gazteei euren herria hobeto ezagutzeko aukera ere eman zien lehen kanpaldi hark. “Irteerak egin genituen herria hobeto ezagutzeko. Asteasuko gaztetxo askok, adibidez, ez dakizkite gure herriko kaleen izenak, eta ez dituzte beste zenbait toki ezagutzen. Horri buelta bat eman behar zitzaiola pentsatu nuen”. 

Ekainaren 8an abiarazitako ekimenaren lehen hazia izan zen esperientzia hura. “Geroztik, ekitaldi ezberdinak egin ditut. Lehen froga horiek ondo atera ziren, eta indarra eman zidan ekimen potoloagoa martxan jartzeko”. Bere lan ibilbidea bideratu eta eskualdeari zerbitzu berria eskaintzeko gogoz ageri da Beñat. 

Erabakiak hartuz

Bide luzea darama Beñatek haur eta gazteen aisialdian lanean. “Begirale gisa, kanpaldi enpresekin, abentura enpresekin, eskola kirolako begirale gisa... Ikaragarri gozatzen dut umeekin lanean. Entrenatzaile huts baino, hezitzaile izaten saiatzen naiz. Iruditzen zait gaurko umeei dena egina ematen zaiela. Ekintzailetza bultzatu nahi nuen beraiengan; erabaki dezatela zer egin nahi duten, nola egingo duten, zein helburu bilatzen duten... Ni bidelagun izango naiz, noski, baina erabakiak har ditzaten nahi dut”, azaldu du Beñatek. Hori guztia izan da Mattin Gizarte Abentura martxan jartzeko abiapuntua: “Gizarte heziketa praktikoa da eskaini nahi dudana”. 

Haur eta gazte

Sei eta hemezortzi urte arteko haur eta gazteei zuzendutako ekimena da Beñat Garciak martxan jarri berri duen Mattin Gizarte Abentura. “Haur eta gazteekin elkartzen garen egun bakoitzean abentura bat bizituko dugu. Egunerokotasunean sortzen diren egiteko eta erronkei aurre egingo diegu elkarrekin eta kirola ere gure ardatzetakoa izango da”. Astean hirutan bilduko dira, astelehen, asteazken eta ostiral arratsaldetan, eta ekintza ezberdinak egingo dituzte, naturarekin harreman zuzenean. Adin tarte ezberdinak bereiziz, hiru taldetan arituko dira LH1-6, DBH 1-4 eta 17-18 urteko gazteak. 

Mendiko bizikleta, mendi irteerak, baratzeko jarduna..., kirolak tarte zabala izango du ekimenean: “Gure ingurumena ezagutu eta zaintzen erakutsi nahi diet gazteei. Gure inguruko landareak, animaliak, mendiak, baserriak... Hori guztia ikusten saiatuko gara”. 

Baratzea

Asteasuko agroaldeako baratze bat kudeatuko dute Mattin Gizarte Abenturako kideek. “Udalari eskerrak eman behar dizkiot aukera hori eskaintzeagatik. Erabili gabe zegoen gune bat txukundu eta lehen landaketak egin ditut. Haur eta gazteekin arituko gara han, landatutakoak zein fruitu ematen duen ikus dezaten. Eta porrot egiten badu, horretatik ere ikasiko dugu, noski. Baratzeak ematen digun uztarekin bazkari bat antolatu nahiko genuke”. 

Izen-ematea

Mattin Gizarte Abentura ekimenean parte hartu nahi duten gazteek, Asteasuko Mattin liburu-dendan eman dezakete izena. Beñatek argi utzi nahi du ez dela derrigorrezkoa asteasuarra izatea. Oraindik ere zabalik dago ekimenean parte hartzeko aukera, eta interesa dutenek, Facebook eta Instagram sare sozialetan ere aurkituko dute informazioa. 

Momentuz, Beñat bera da ekimeneko bultzatzaile eta arduradun nagusia, baina gazte ekintzailea da, eta ez du baztertzen etorkizunean langileren bat kontratatzea ere. “Oso garbi daukat langileren bat kontratatu beharko banu herrikoa bertakoa hartuko nukeela. Izan ere, nire helburuen artean ere badago lanpostuak sortzea”. 

 

Elkarrizketa osorik, 562 Aiurri hamaboskarian 

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!