Uztailean zabalduko dira igerilekuko ateak

Aiurri 2020ko eka. 15a, 15:00
Asteasuko igerilekuko artxiboko irudia.

Igerilekuko taberna, ordea, ez da irekiko aurtengo udan. Igerilekuaz gozatzeko baldintza ezberdinak bete beharko dira.

Igerilekua zabaldu egingo da. Horixe erabaki da herritarrekin batera Asteasuko Udalak martxan jarritako galdeketan, igerilekua irekitzeko baldintza berezien inguruan galdetuz. 262 pertsonek hartu dute parte galdeketan, eta bertan ateratako ondorioez eta jarri beharreko arauez hitz egiteko bilera ekainaren 2an egin zen udaletxean.

Igerilekura sartzeko baldintzak

Hirugarren fasean sartzearekin batera, igerilekua erabiltzearen baldintzak aldatu egin dira. Funtsean, Eusko Jaurlaritzak ezarritako protokoloa da jarraitu beharrekoa eta ondoren, Asteasuko Udalak hartu dituen neurriak. 

512 pertsonako aforoa du igerilekuak, baina jende pilaketak saiheste aldera, hiru ordu-tarte bereiztu dira igerilekura sartzeko. Lehen ordu-tartea 11:00tatik 13:30era bitartekoa da eta bertan abonatu guztiek edukiko dute igerilekura sartzeko aukera. Ondoren, orduerdiz ateraraziko dira garbiketa eta desinfektazio lanak egiteko. 14:00etan hasiko da bigarren txanda 16:45ak artean, baina abonatuen erdiek edukiko dute bertara sartzeko aukera, eta beste erdiak 17:15etatik 20:00etarako txandan sartuko lirateke garbiketa eta desinfektazio lanak egin ostean. 

Arratsaldeko txanda, abonatzean aukeratu behar da, eta herritarren eta udalaren artean adostasun batera heldu ondoren, hamabostero aldatu egingo da arratsaldeko txanda. 14:00etako txanda aukeratu duenak lehen hamabostaldian, hurrengoan 17:15ekoa edukiko dute.

Baldintza gehiago ere badaude, esaterako, etxe berean bizi diren pertsonek baino ezingo dute elkarrekin joan igerilekura; ezingo da kuadrillan joan. Familien artean bi metroko distantzia mantenduko da. 

Aforoa betetzen ez den kasuetan, kanpotik etorritakoei sartzen utziko zaie. Baliteke hurrengo asteetan baldintzak aldatzea, fasez aldatzearekin batera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!