Kalitate diploma jaso du Goine gaztandegiak

Ainhoa Gil 2020ko uzt. 8a, 09:00
Maria Jesus Hidalgo, Goine gaztandegiko kidea

Urte hauetan egindako lanak sari ederra ekarri die Asteasuko Goine gaztandegiko kideei. Kalitatearen diploma eman die Idiazabal Jatorri Izendapenak, euren gaztaren kalitateagatik eta ekoizpenaren kudeaketa onagatik.

Maria Jesus Hidalgo eta Joseba Otegi senar-emaztea dira Goine gaztandegiko arduradunak. Pozez hartu dute Idiazabal Jatorri Izendapenaren aitortza: “Gazta lehiaketatan, zure burua aurkezten duzu. Gazta eramaten duzu eta epaimahaiak erabakitzen du zein gaztagilek eraman duen gaztarik onena. Diploma hau, ordea, ezberdina da. Gure gaztaren kalitatea azpimarratzen du, baina baita gure kudeaketa, lan egiteko modua ere. Ez genuen inondik inora espero, eta poz ikaragarria eman digu. Atzerrian jaso izan dugun edozein sarik baino poz handiagoa eman digu etxean jasotako honek”. 

Ondo egindako lana

Idiazabal Jatorri Izendapenak hainbat azterketa egiten dizkie maiz gaztandegi guztiei. “Trazabilitatea begiratzen dute eta gazten lagin ezberdinak eramaten dituzte, beharrezko azterketak eta dastaketak egiteko. Aurten, emaitza onak jaso ditu gure gaztandegiak arlo guztietan eta kalitatearen diploma ematea erabaki dute”, azaldu du Maria Jesusek. 

Idiazabal Jatorri Izendapenaren barruan, bi modalitate edo egiteko modu ezberdin daude. "Ekoizle batzuk artzainak dira, eta euren artaldeak emandako esnearekin egiten dute gazta-ekoizpen osoa. Beste batzuk, kanpotik erosten dute. Gure kasuan, etxeko ardien esnea erabiltzen dugu, baina baita Ardi Latxa kooperatibari erositakoa ere”. Produktu ezberdin asko egiten dute Goineko kideek. “Etxeko esnea erabiltzen dugu produktu freskoak egiteko, eta erositakoa nahasten diogu Idiazabal gazta egiteko. Produktu freskoak delikatuagoak dira, eta gure etxeko esnea ondo ezagutzen dugu, horregatik erabiltzen dugu etxeko esnea produktu freskoak egiteko. Baita trufadun gazta, edo beste gazta berezi batzuk egiteko ere”. 

Produktu asko

Gazta, gazta zaharra, mamia... horiekin hasi zuten euren bidea Goineko kideek, baina geroztik beste produktu asko atera dituzte merkatura. “Yogurtak, gazta freskoa, gaxura, Euskal Esnearen ziurtagiria ere badugu, gazta erruloa, gazta trufaduna, pasta egosiz egindako gaztak... produktu ezberdin asko merkaturatzen dugu. Asko mugitu gara produktu ezberdinak egiten ikasteko. Norvegia, Italia... toki askotan izan gara, ikusten eta ikasten. Estatu mailan, Gaztandegi artisauen elkartean sartuta gaude eta han ere esperientzia ezberdinen berri jasotzen dugu. Gure lanbidea izateaz gain, zaletasuna ere badugu gazta egitea eta denbora asko eskaintzen diogu ikasteari”, azaldu du Maria Jesusek. 

 

Artikulua osorik, Aiurri aldizkariaren 564 zenbakian

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!