Altxorraren bila, Asteasun barrena

Ainhoa Gil 2020ko uzt. 3a, 20:48

Altxorraren bila jolasean ibili da arratsaldean hainbat asteasuar. Mattin Gizarte Abenturako kideek prestatu dute. Izen-ematerako, elikagaiak ekartzeko deia luzatu dute eta Elikagai Bankura bideratuko dute bildutako guztia. Herritar asko animatu da parte hartzera, eta elikagai kopuru polita lortu dute antolatzaile gazteek.

Talde ezberdinetan banatuta, altxorraren bila ibili dira parte-hartzaileak, herri osoan barrena. Pozik ibili dira guztiak, pista ezberdinei jarraituz. Udaletxeko arkupean zuten jolasaren amaiera eta bertan egin dute merienda. Goizean zehar herriko taberna eta dendatan bildutako askari osasungarria prestatu dute Mattin Gizarte Abentura ekimeneko parte-hartzaileek, eta horixe eskaini diete altxorraren bila aritu diren lagunei. Arratsalde-pasa polita egin dute Asteasun, behar dutenei emateko elikagaiak bilduz, gainera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!