"Urtez urte, pausoz pauso lanean aritu naiz eta, azkenean, nire ametsa bete dut"

Mikel Arberas 2020ko urr. 26a, 12:45

Aimar Olaizolarekin batera garaipen garbia eskuratu zuen asteasuarrak ostiraleko debutean (22-13). Andoaingo Gazteleku pilota elkartetik profesional mailara egin du jauzi. Esan beharra dago, 20 urterekin debuta eginda etorkizun oparoa duela aurretik.

Giro ezin hobean jokatu zuen partida. Elizegik eta Olaizolak Uriondo-Urrutikoetxea bikotearen aurka jokatu zuten ostiralean. Maila ezin hobea erakutsi zuen debuteko partidan, pilotakada zailak eraman zituen eta erasoan ere aritu zen. Lehen partida izateko, garaipen argia lortu zuten gorridunek. Honen esanetan, ametsetako debuta izan zen, Aimar Olaizola pilotari handiarekin jokatu izanagatik.

Iker Elizegik maila handia erakutsi du azken urteetan; goranzkoa izan da eduki duen errendimendua. Maila handiko txapelketak jokatu ditu azken urteetan Gazteleku Pelota Eskolako elastikoarekin. 20 urterekin atzelariak lortutako garaipen-zerrenda ikusgarria da; hala nola Miguel Soroa, Muebles Polque, Diario Vasco, Goñi Memoriala edo Mallabiako Biharko Izarrak txapelketak eskuratu ditu.

Iker Elizegi, Baiko enpresako pilotaria

Umetako ametsa bete duzu?

Egia esan, umetatik lanean aritzen gara pilotan hobetzeko. Gaztea zarenean profesional mailako pilotariak hartzen dira eredu gisa. Nire kasuan Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo izan dira erreferenteak; baita Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea eta beste zenbait pilota handi ere. Urtez urte, pausoz pauso lanean aritu naiz, eta, azkenean, ostiralean nire herrian giro ezin hobean nire ametsa betetzeko aukera eduki nuen. 

Bazenuen aurrekontratua, baina nolatan esan zizuten denbora gutxi barru debutatuko zenuela?

Aurrekontratua 2018. urtean egin zidaten eta ia bi urte egon naiz pilotariekin entrenatzen. Astearte batean Beasainen entrenatu ostean deitu ninduten, arratseko 19:30ak aldera. Hurrengo egunean zazpitan bulegora joateko esan zidaten nirekin hitz egin behar zutela eta. Bertaratu nintzenean mahai gainean kontratua ikusi nuen; honen gainean hitz egin genuen apur bat eta, ondoren, sinatu egin nuen. Aukera polita eman didate, ea zukua ateratzen diodan. 

Ez duzu edonorekin debutatu, Aimar Olaizolarekin baizik...

Oso esperientzi polita izan da Aimar Olaizolarekin debutatzea. Nire haurtzaroa markatu duen pilotarietako bat izan da, eta umetatik nire idolo handietakoa. Ikaragarrizko ilusioa egin zidan.

Gainera, partidu txukuna jokatu genuela esango nuke, lan ona egin nuen eta Aimarrek berebiziko ikuskizuna eman zuen. Horrez gain, asko lagundu zidan, pilota zailak kenduz, onak utziz eta aukera zegoenean bukatuz. Oso pozik nago debute partidarekin.

Asteasun debutatu zenuen, familiaz eta lagunez inguratuta. Nola sentitu zinen?

Herriaren eta familiaren aurrean jokatzea berezia izan zen, gainera, izugarrizko giroa jarri zuten. Frontoian oihuak eta animoak entzuten nituen une oro. Babes handia sentitu nuen herrikideen aldetik. Memento guztietan nirekin egon dira, bidean zehar lagundu naute eta badakit hor egongo direla. Oso eskertuta nago nire pilotari ibilbidean horrelako bidelagunak edukitzeagatik.

Nola ikusten zara datozen partidetara begira?

Piskanaka lanean jarraitu eta gogor entrenatu beharko dut. Ea ez dudan lesiorik edo eskuetako arazorik edukitzen. Datozen hilabeteetan maila handiagoa lortzen saiatuko naiz, onenen artean egon eta ikuskizuna eskaintzeko.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!