Gabonak 2020

Urteko azken egunean jokatuko da Urrezko Aizkolarien Kopako finala

Aiurri 2020ko abe. 30a, 15:10
2018ko Urrezko Aizkora Txapelketako argazkia.

Beste hiru txapelketa ere jokatuko dira: Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketa, Binakako Harri-jasotze txapelketa eta Emakumezkoen Ingude Txapelketa.

Abenduaren 31n ospatuko da Urrezko Aizkolarien Kopako finala Asteasuko Usarrabi pilotalekuan, 11:30ean. Honako aizkolariak lehiatuko dira txapela eskuratzeko: Oier Kañamares IV, Julen Olano, Luis Txapartegi eta Xabier Zaldua. Aurtengoan ez da publikorik izango, hortaz, kirolariek publikoaren animo oihurik gabe ari beharko dute lanean.

Aizkoran, harri-jasotzen eta ingudean
Horrez gainera, beste hiru txapelketa jokatuko dira. Aizkolari Gazteen Binakako Txapelketan bi bikote arituko dira: Suharri Rodriguez 'Suharri' -  Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Ibai Soroa - Axel Larrañaga.

Binakako Harri-jasotze Txapelketan, berriz, hiru bikote leihatuko dira. Alde batetik, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria; bestetik, Urdax Magunazelaia 'Urdax' eta Jon Irañeta, eta hirugarrenik, Jon Unanue 'Goenatxo III' eta Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV'.

Emakumezkoak ingudean arituko dira, hala nola Karmele Gisasola 'Zelaia III', Virginia Finol eta Maika Ariztegi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!