“Prozesua luzea izan da, baina lortu dugu”

Sara Medrano 2021ko mar. 2a, 18:15

Asteasuko Mattin dendan liburuak, fotokopiak eta estankoa bezalako zerbitzuak eskaintzeaz gain, loteriaren salmenta ezarri dute orain. Urte askoko lana izan da eta prozesuaren nondik norakoak azaldu dizkigu Elisabet Escribano arduradunak.

Hamaika urteko ibilbidea dauka Mattin dendak, sorreratik bertatik nahi zenuten loteria puntua izan?

2010eko ekainaren 14ean ireki genuen denda Asteasun, aurten egingo dira hamaika urte denda ireki zela. Hasieratik izan da liburu denda, estankoa eta loteria ezartzeko asmoa, baina guztia ez da nahi bezala izaten eta liburu denda eta estankoarekin egon gara orain arte. Baina denbora asko itxaron ostean, atzoko egunez eman genion loteriaren salmentari irekiera. 

Denbora luzez egon zarete honen esperoan. Nolakoa izan da prozesua?

Aipatu bezala, loteria gure dendan jartzeko prozesua oso luze joan da eta gainera hasieran gauza berria izanda galduta sentitzen ginen. Denda ireki ostean, urtero galdetzen genuen nola zihoan puntuazioaren prozesua, baina beti erantzun berdina jasotzen genuen. Duela hiru urte Ataungo loteria puntua ixteko asmoa zutenaren berri izan genuen, aukera ona zela iruditu zitzaigun eta haien puntuazio hori lortuz leku aldatzea eskatu genuen, baina ez ziguten onartu.  

Momentu horretan gauzak horrela uztea erabaki genuen eta aurrerago zerbait etorriko zelakoan geunden, esperantza galdu gabe. Bi urte igarota eta abokatuak egoera aztertu ostean, baiezkoa jaso genuen. Hala ere, duela bederatzi hilabete arte ez dugu izan aukera paperak sinatzeko. Guztia amaitutzat ematen genuenan, azken momentuko arazoak edota aldaketa batzuk izan ditugu. Erantzuna jasotzeko hilabete bat itxaron behar izan dugu, eta hori gutxi ez balitz, azken momenturaino egon gara irekitzeko baimenaren erantzunaren zain, prozesua luzea izan da baina azkenean lortu dugu. 

Beraz, esan daiteke leku aldaketa horri esker lortu duzuela lizentzia.

Momentuan aukera egokia iruditu zitzaigun eta aukera horri eutsi genion. Ataunekoarekin egin dugu leku aldaketa, baina lizentzia guk erosi dugu. Ez da batere erraza izan eta urte askoko lana izan da.

Jendeak eskatzen duen zerbitzu bat dela esango zenuke? 

Zalantzarik gabe, gainera esango nuke hasieratik eskatzen zuten zerbitzu bat izan dela. Gogoratzen dut, hasieran jendea dendara sartu eta loteria primitiboa eskatzen zuela edota apustuetako kinielak. Beraz, jendea, jarri dugun zerbitzu honekin gustura dagoela esango nuke.

Zer espero duzu orain? 

Orain, Asteasun zerbitzu hau eskaintzen dugula inguruko herrietan jakinaraztea ezinbestekoa izango da eta horrekin lan asko egitea. Gainera Mattin dendan falta zitzaigun elementua dela esango nuke, hasieratik buruan geneukan zerbait baita. Atzoko egunez jarri genuen martxan eta jendearen erantzuna oso ona izan da, horrela jarraitzea espero dut.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!