Asteasu abestia, asteasuarrak biltzeko sortua, gaur estreinatuko da

Aiurri 2021ko eka. 28a, 10:08

Asteasu abestia jendaurrean, plazan estreinatuko dute, gaur gaueko 10:30etik aurrera. Ikus-entzunezko muntaiaren bitartez aurkeztuko dute, pantailan. Abestiaren gauzatzean Asteasuko makina bat musikariek hartu dute parte, eta guzti horiek ez ezik, herritarrak ere biltzeko sortua da pieza. Bere bultzatzaileetako hiru musikarik, Mirari Irurtzun, Andoni Ezkerra eta Haritz Mujikak azaldu digute kantuaren nondik norakoa.

 

Mirari Irurtzun da doinuaren egilea. “Nire gogoa ez zen handiustetan ibiltzea eta ereserki bat osatzea, baizik eta abesti polit bat Asteasuko herriari eskaintzea; herritarrentzat eta herritarrek egindakoa izatea”.

Haritz Mujika abestia definitzera animatu da: “Ez du ereserki batek eman dezakeen mezu edo sententzia solemnetan sartzen. Tristeziatik ere ez dauka; esango nuke gehiago daukala malenkoniaren edo erromantizismoaren ukitua, baina, batik bat, bizia da. Barruak mugitzen duen horietakoa da, eta ziur asteasuarrei eragingo diela sentimendu edo emozio sakonaren bat”.

Andoni Ezkerra da abeslaria, eta Mujikaren hitzak berresten ditu. “Abesten dudan bakoitzean, sentitzen dut hegan noala Asteasun barrena. Begiak itxi, eta auzoz auzo nabil, halako batean plazara iristen naizen arte. Esango nuke asteasuarrei barru-barruraino sartzea lortuko duela”.

Doinua osatzeko orduan, inspirazioa nondik etorri zaion aitortu digu Mirari Irurtzunek. “pandemia etorri aurretik neukan buruan ideia, baina berak bizkortu egin du beharbada. Garai zailak bizi izan ditugu, eta denok ere Asteasun entzerratuta egon garenean jakin izan dugu bertan babesa bilatzen; nork bere parajea, txokoa, eserlekua, mendia, taberna… bilatu du arnas hartzeko. Denok ibili gara herrian joan etorrian, auzoz-auzo tipi-tapa, eta nolabait, Asteasu deskubritzen joan gara. Ni ere asko ibili naiz bazterrik-bazter, zakurra konplizea nuela. Sentsazioa daukat Asteasu leku ederra dela entzerratuta egon beharreko boladetarako, eta ziur nago herrikide askok bat egingo dutela irudipen horrekin. Bada, horrelako gogoetak buruan bueltaka zebilzkidan bitartean joan zait hazten inspirazioa. Ni ez naiz abesti-sortzailea, baina oraingoan halaxe izatea egokitu zait”.      

 

Haritz Mujika, Mirari Irurtzun eta Andoni  Ezkerra.

 

Bi zatiko letra doinuarentzat

Haritz Mujika bertsolariaren bizkar joan da letra konposatzearen ardura. “Letra musikarekin ondo ezkontzen saiatu naiz. Lehen Mirarik esan bezala, ez dauka ereserkia izateko bokaziorik, eta egia esanda, letra ez dago Asteasu lainoen pare jartzeko egina. Ez du gauza abstraktuetara jotzen; baizik eta aipatzen ditu Asteasu osatzen duten bost auzoak, edota, herritarrek ikusi edo sentitzen dituzten elementu ezagun batzuk… Bi zati ditu. Lehena, erromantizismo kutsua eduki dezakeena eta esker oneko mezua zabaldu nahi duena. Bigarrengoak beharbada txispa eta erritmo biziagoa dauka, Asteasu bezalako herri txiki bat zer den azaltzen saiatzen dena”.

Mujikak aitortu du letra ez dela bapateko kontua izan; alegia, burua horretara jarri, eta une batean sortu den lana izan. “Asko ikasi dut sorkuntza prozesutik. Ni bertsotan ibiltzen naizenez, normalean bertso egiturara jotzen dut, eta Mirarik ikuspegia ireki egin dit. Oinak sakrifikatu edo baztertu, eta saiatu naiz lehentasuna fonemei eta soinuei ematen. Gero, etxean, Andoni kantari entzun ahala eta doinua bera entzun ahala, aldaketak egiten joan naiz. Azken batean, opari gisa hartu behar dut egokitu zaidan eginkizuna”.

 

Asteasuko musikarien topagune

Denetariko instrumentuak entzun daitezke abestian: eskusoinua, klarinetea, biolina, txistua, saxoa… Horien atzean, Asteasuko makina bat musikari. Esan daiteke, hortaz, abestiak egoki asko ordezkatzen duela Asteasun bizi den musikaren unibertsoa.

Mirari Irurtzunek azken emaitza bezainbat goraipatu nahi du lan prozesua, hainbeste musikari bildu izana egitasmo baten mesedetan, alegia: “abestia musikarien topagune bilakatu da eta hori azpimarratuko nuke. Parte-hartzeko bati proposatu besteari proposatu, denek abegikor erantzun dute; pozgarria da nola joan den harilkatzen proiektua. Nahiz eta, zoritxarrez, ezin izan dugun guztiok elkartu fisikoki”.    

 

Grabazio prozesua, zailtasunez betea

Musikari guztiak bildu, eta abestia grabatzea izan zen lehenbizi-lehenbiziko helburua, baina pandemiak galarazi egin du ideia hori. Hortaz, ez da lan samurra izan egitasmoa aurrera atera ahala izatea. Era horretan, musikariak Asteasuko hainbat tokietan talde txikietan bildu dira, nor bere aldetik, eta beren grabazioa egin dute. Ane Zulaika arduratu da grabazio pieza guztiak batzen, gaur plazan ikusi ahal izango dena jarriko den pantailaren bidez. Irudi horiei audioa jartzeko orduan, berriz, Homes Oiartzun soinu-teknikaria aritu da, udaletxean bertan grabazio estudioa antolatu, eta bertan musikariekin, banaka-banaka, binaka nahiz hiru edo launaka soinu-grabazioak eginez.

 

Etorkizunerako hazia ereiten…

Musikaren munduan nor bere aldetik dabilen makina bat musikari biltzeko bertutea eduki du Asteasu abestiak. Oraingoz, ikus-entzunezko muntaian eta pantaila bidez soilik gozatu ahal izango da abestiarekin. Hirurek ere ez dute baztertzen, etorkizunean, parte-hartzaile guztiak bildu eta zuzenean eskaini ahal izatea. Eta zergatik ez, etorkizunean egitasmo kolektibo gehiago bultzatzeko lehen hazia ere izatea. Nolanahi ere, gaurko emanaldian jarrita dauzkate begiak. Abestiaren lanketa prozesuan eurek gozatu dutena nahi lukete goza dezaten plazara bertaratzen diren herrikideek. Hori da beren desioa.      

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!