“Gazteen dibertsio beharra ulertzekoa da, baina inoiz ez bere herrian txikizioak eragitea”

Aiurri 2021ko abe. 15a, 16:41

Asteasuko Udalak udalerriko hainbat gertakari deitoratu ditu. Azken gertaera abenduaren 6an izan zen, orduko hartan ezezagun batzuk herrigunean dauden obrako semaforo batzuk errekara bota zituztenean. Azaroaren amaieran botata agertu zen zuhaitza ere testuinguru berean kokatu du Udalak.

Lamiategi aldean Errekabailara aldera sartu-irteteko bidea zabaltzen ari dira. Lan horiek burutzeko bidea itxi eta trafikoa udalerri barrutik bideratu dute. Behin behineko neurria da, alokatutako semaforoen bitartez bideratzen ari dena.

Abenduaren 6ko gauean ezezagun batzuk enpresa bati alokatuta dauden semaforo horiek errekara bota zituzten. Udalak adierazi duenez, “baliogabe geratu direnez, Udalak ordaindu behar ditu bere osotasunean”.

 

 

Asteasuko Udalaren haserrea

“Lotsagarria iruditzen zaigu. Ez da lehenengo aldia, zoritxarrez, zeren azaroaren amaieran ere Kabela kafetegi aurreko zuhaitza moztu zuten. Gazteen dibertsio beharra ulertzekoa da, baina inoiz ez bere herrian txikizioak eragitea. Asteasuko Udalak ez du gauez herria zaintzeko baliabiderik, eta honen bidez denon ardura eskatzen dugu, honelako jarrerak salatzeko. Herria zaintzea denon ardura da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!