Tolosara doan autobusa Larraulera igotzea eskatu dute

Larraul, Asteasu, Zizurkil, Villabona, Aduna lineako autobusa Amasara igotzea eskatu dio Amasa-Villabonako Udalak Aldundiari.

Larraulgo Udalak Tolosara joaten den TO07 autobus linea Larraulera igotzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Eskatutakoa onartuz gero, honakoa litzateke ordutegia: 07:15etan eta 08:25etan autobusa Larrauletik Asteasura jaitsi eta ondoren Tolosara. Itzuleran Tolosatik 14:20etan, 15:30ean eta 16:30ean irteten diren autobusak Larraulera igotzea eskatzen da.
Asteasutik Tolosara doan autobus erabiltzaileetako bat da Joxean Korta larrauldarra. "Iktusa sufritu nuen, eta ondorioz ezin dut autoa gidatu. Tolosara nahiz Villabonara joan behar izaten dut medikuarengana. Autobusa Larraulera etortzen ez denez, Asteasura jaitsiko nauen norbait topatu behar izaten dut".
Herriko gazteek ere arazo bera pairatzen dute. Zenbaitek Tolosara joan behar izaten dute egunero edo ia egunero. Ane Mujikaren kasua da horietako bat. "Atletismora joan behar dugunok elkartu eta gurasoren batekin autoan joateko moldatu behar izaten dugu".
Egun, T008 linea da Larraulera iristen den bakarra, eta ordu erdi lehenago deitu behar zaio. Ordutegi murritza du, eta urrutien uzten duen geltokia Villabonakoa da. Ondorioz, bi autobus bidai ordaindu behar dituzte Tolosara joateko.
Erantzunaren zain
Larraulgo zinegotzia den Ander Leonek adierazi duenez, "garraio publikoa da erakundeetatik bultzatu behar dena". Horregatik, Tolosaldea Garatzen garapen agentziatik Aldundiari eginiko eskaerarekin ere bat egin dute. Bilera noiz egin jakiteko zain daude.
Autobusa Amasara
Amasa-Villabonako Udalak, bestalde, T008 linea Amasara igotzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Larraul, Asteasu, Zizurkil, Villabona eta Aduna herrietatik igarotzen da linea horretako autobusa, eta amasarrek herrira igotzeko bestelako moduak topatu  behar izaten dituzte.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!