San Isidro eguna ospatu dute Amasan, Zizurkilen eta Asteasun

Aiurri 2019ko mai. 15a, 16:24

Baserritarren eguna da gaurkoa eta festa giroa izan da nagusi Amasan, Zizurkilen nahiz Asteasun.

Asteasun mezaren ostean, idi dema izan da. Lehenik, Aitor Matxainen idi parearen txanda izan da. 20 minututan 52 plaza eta bi zinta osatu dituzte. Bigarren, Itxaso Arrutiren idiak atera dira eta 51 plaza bete dituzte. Ondoren, Sarasola sagardotegira joan dira bazkaltzera. Bertan, Jexux Mari Irazu eta Unai Agirre bertsotan jardun dira. Eta arratsaldea musikarekin girotzeaz Estanga trikitilariak arduratuko dira.

Zizurkilen pilota partidekin hasi dute eguna Intxaur pilotalekuan. Alberdi eta Aizpurua nagusitu dira Egiguren eta Elizegi pilotarien aurka, 22 eta 20ko markagailuarekin. Pilota partidaren ostean, aizkolarien txanda izan da. Joseba Otaegik eta Aitor Urteagak osatu dute bikote bat, eta bestea Jon Irazu eta Alkizalete izan dira.

Amasan eguna indartsu hasteko hamaiketa ederra egin dute mezatik irtetean. Gero, trikitilariek girotu dute eguerdia eta segidan bazkaria eduki dute. Arratsaldean kalejira izango da, eta egunari amaiera emateko afaria antolatu dute herriko elkartean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!