Presoen alde lan egiteagatik auziperatuko dituztenen agerraldia

Aiurri 2019ko eka. 3a, 13:58

2013ko irailaren amaieran presoen eskubideen alde lanean ari ziren hainbat erakundeetako kideen aurkako polizia operazioa abiatu zen. Uda ostean epaituak izango dira, eta epaiketaren zentzugabekeria salatzeko ekimena aurkeztu dute.

Duela ia sei urte Bitartekariak, Etxerat, abokatuak edota Herrira ekimenen aurkako polizia operazioa abiatu zuten. Tartean ziren Herrira ekimeneko Ekain Zubizarreta andoaindarra eta Amaia Esnal eta Jexuxmari 'Kudu' Aldunberri urnietarrak. Auzitegi Nazionalak 47 pertsonen aurkako epaiketa iragarri du, datorren irailaren 16an hasiko dena. Fiskaltzak 600 urteko espetxe zigorra eskatzen du, denera.

Joan zen astean agerraldia egin zuten Donostian, eta hauexek dira adierazpenaren argudio nagusiak:

“Irailaren 16an hasiko da Espainiako Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa. Bost eta sei urte igaro dira atxilotuak izan ginenetik, gutako batzuk espetxeratuak izan ginen, eta denak auziperatuak. Orain 601 urte arteko espetxe zigor eskaera egin du fiskalak gure aurka. Gure galdera honakoa da: Zer egin dugu espetxe eskaera luze hauek merezi izateko?

  • Presoen eta erbesteratuen osasuna artatu dugu. Horretarako mediku eta psikologo sare bat antolatzea, eritasun larriak dituzten preso eta erbesteratuei zuzeneko jarraipena egitea eta egoera hauek gizarteratzea izan da gure lana.
  • Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu ditugu. Horretarako jendarteko sektore zabalekin izan ditugu harremanak, orotariko kolore politikoekin elkartu gara, eta gure aldarrikapenek babes zabala jaso dute.
  • - Presoen eta erbesteratuen defentsa juridikoa egin dugu, bai epaitegietan eta bai espetxeetan. Horretarako abokatu sare zabala antolatu dugu, ezarritako salbuespeneko legedia behar zen toki guztietan salatuz.
  • Presoen eta erbesteratuen senide bezala antolatu gara, ezarri zaigun zigor gehitua arintzeko. Bereziki sakabanaketa politikaren ondorioak gainditzeko lan egin dugu.
  • Preso eta erbesteratuentzat bitartekari lanak egin ditugu, hauek ere gizarteko sektore ezberdinekin harremanak izan zitzaten, egunerokotasun politikoari zegozkion beraien ekarpenak egin eta eragile ezberdinenak jaso ahal izateko.

Hau izan da gure lana. Gure printzipio politiko eta etikoei loturik aritu gara uneoro, eta lasai gaude egin dugunarekin.

Epaiketa honen oinarrian dauden arrazoiak bere horretan diraute 2019. urtean. Aro berri baten testuinguruan egiten ari ginen lan hau guztia, urteetan luzatu zen gatazka konpontzeko bide berriak lantzen ari ziren, eta logika horri loturik ari ginen gu ere, ilusioz, presoen eta erbesteratuen gaia konpontzeko eginahalean. Horregatik kolpatu gintuzten, estatuen estolderietan diseinatu zituzten polizia operazioen bidez.

Makroepaiketa honekin asaldatu diren eta babesa agertu diguten herritarrei dei zabal bat egin nahi diegu irailaren 14an, epaiketaren bezperan, denon artean manifestazio handi bat antolatu dezagun Bilbon. Kalean eta jendearekin erantzun nahi diogu epaiketari. Manifestazio hau handia eta askoren aldetik babestua izan dadin eremu ezberdinetako pertsonekin manifestu zabal bat lantzen ari garela adierazi nahi dugu. Datozen asteotan emango dugu horren berri.

www.11-13makroepaiketa.eus webgunean aurkitu ditzakezue epaiketaren gaineko informazioa eta kanpainari dagozkion euskarri ezberdinak”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!