Julen Gabirondo urnietarra garaile, Azkartasunezko sega txapelketan

Ainhoa Gil 2019ko uzt. 13a, 21:37

Gaur arratsaldean jokatu dute Gipuzkoako Azkartasunezko sega txapelketa, Zizurkilen. Zortzi segalari aritu dira nor baino nor, eta Julen Gabirondo urnietarra izan da bere saila ebakitzen azkarrena eta txukunena.

100 metro karratuko saila ebaki behar zuen segalari bakoitzak. Zortzikoteko lau azkarrenak finalera igaro dira. Julen Gabirondorekin batera aritu dira finalean Iban Pardo , Mikel Lizartza eta Suharri Irazustabarrena. 100 metroko bigarren saila ebaki behar izan dute finaleko lanean, eta Gabirondo urnietarra izan da azkarrena. 

Azkartasunezko txapelketan txukun ebakitzea ere oso garrantzitsua da eta lan ona egin du Gabirondok. Pardo, Lizartza eta Irazustabarrena izan dira, hurrenez hurren, txapelketako hurrengo sailkatuak. 

Peio Argaia zizurkildarrak ere parte hartu du gaurko txapelketan, baina ez du lortu finalerako sailkatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!