Udan ere zabalik odola emateko aukera

Xabier Lasa 2019ko uzt. 20a, 08:39
Andoaingo odol emaileen taldeko lau kide uztailaren 9ko hitzorduan, Andoni Arribillaga, Antonio Garrido, Joxe Mari Tolosa eta Ramon Iriarte.

Opor giroan bizi arren, odola ematearen hitzorduak ez du etenik. Uztailean eta abuztuan odola emateko aukera izangoda Andoaingo Anbulatorioan eta Urnietako Denda Berrin.

Abuztuan ere anbulatorioak ateak irekita egongo dira odol emaileentzat. Talde antolatzailearen esanetan, “ospitaletan inoiz baino odol gehiago behar izaten da abuztuan”

Ohi denez, hileko bigarren asteartean, 13an, izango da hitzordua, 18:30etik 20:30era. Andoaingo odol emaileen taldeko kide den Joxe Mari Tolosak adierazi duenez, “opor garaietan ugaritu egiten dira istripuak, eta ospitaletan behar-beharrezkoa izaten dute odola".

Deialdi bikoitza luzatu du Andoaingo taldeak, Tolosak zehaztu duenez. “Batetik, urtean behin, bitan, hirutan edo lauetan odola ematea ohitura dutenei begira: badakigu hilabetea aldrebesa dela, baina egun horretan baldin eta herrian badaude, mesedez eskatzen diegu gogoan har dezatela hitzordua eta hurbil daitezela anbulatoriora. Bestalde, odol emaile ez direnei ere zabaldu nahi diegu mezua. Inoiz ez baita berandu. Horretarako, konstziente izan behar gara gaizki dauden pertsona anonimoen bizitzak salbatu ditzakegula, hamabost bat minutu iraun dezakeen elkartasun keinu hori eginez”.

Egun, Andoainen hilero, bataz beste, 40 bat lagun agertzen dira odola ematera. 18-70 urte bitarteko edonor izan daiteke odol emaile, mediku baten esku jarri eta haren oniritzia jaso ostean. “Jakina, urteen poderioz, bajak sortzen dira, 70 urtera iritsi direnekin, gaixotasun bat daukatenekin, edo eta, medikatzea egokitu zaienekin. Odol emaile berriak behar dira, horien tokia betetzeko gutxienez”.

Tolosa penatuta dago, azken urtetan jaisten ari delako emaileen kopurua. “Orain aurretik lau bost laguneko kuadrilla etorri zaigu aurreneko aldiz, eta poza ematen digu horrek. Baina kosta egiten da gazteen belaunaldi berriak gerturatzea. Beti-betiko emaileak fidelak izaten dira, buruan sartuta daukate anbulatoriora urtean bi edo hirutan azaltzearen ohitura, eta horiei esker mantentzen da kopurua”.

Jaitsiera hori ez dela Andoaingoa bakarrik, orokorra dela aitortu du Tolosak. "Ez daukagu erraza nondik jo, zer nolako kanpainak egin, iraultzeko joera hori. Jendearen kontzientzia nola zirikatu, hori izan liteke bidea beharbada. Esatera batera, orain aurretik, prentsako erreportaje batean kirofanotik irtendako pertsona batzuk agertzen ziren, nor bere kasuari buruzko xehetasunak emanez: bati bihotza, bigarrenari birikak eta hirugarrenari giltzurrunak aldatu zizkieten. Pozez zoratzen zeuden. Iraun bizitzeko ezinbestekoa izan zuten, besteak beste, anonimoren batek emandako odola, eta datu hori nabarmendu beharko genuke”.

Odola emateko ez ezik, hileroko martxa antolatzeko ere zailtasunak dauzkate Andoainen. Egun, bederatzi lagunek osatzen dute Andoaingo odol emaileen talde eragilea. Lanak txandaka hartzen dituzte. “Ez da eginkizun handia, baina konstantzia behar da. Konpromisua eskatzen du gure aldetik, hilabetean behin ardurak hartzeko. Zoritxarrez, zeregin horretan ere ez da errelebo handiegirik sumatzen. Aurreko batean eskualdeko bilera eduki genuen, eta herrietako ordezkari guztien artean neu nintzen gazteena. Egin kontu!”.

Andoainen eta Urnietan odola emateko ez da etenaldirik izango.

Andoain

• Abuztuak 13, asteartea. 18:30-20:30. Anbulatorioa.

• Irailak 10, asteartea. 18:30-20:30. Anbulatorioa.

Urnieta

• Uztailak 22, astelehena. 18:30-20:30. Denda berri. Anbulatorio zaharra.

• Irailak 13, ostirala. 18:30-20:30. Denda berri. Anbulatorio zaharra.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!