Herritarren elkartasuna, Entzutegi Nazionalera iritsi aurretik

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 13a, 09:18

Nazio mailako manifestazioa deitu dute biharko, Bilbon. Datorren astelehenean Madrilen 47 euskal herritar epaituko dituzten atarian. Tartean dira Andoaingo eta Urnietako herritarrak.

Datorren astelehenean Madrilgo Entzutegi Nazionalean 47 euskal herritarren aurkako epaiketa hasiko da, 11/13 makroepaiketa bezala ezaguna dena. Presoen eta haien eskubideen inguruan lanean ari ziren herritarrak ziren, eta hastear den epaiketan akusazioak haien aurkako zigor handiak eskatzen ditu

Udaberritik hona “47ak herrian” izeneko mugimendua indarra hartuz joan da, akusazioak bertan behera geratzea eta epaiketa saihestea eskatuz. Uda aurretik auziperatuek egindako agerraldian euren buruaren defentsa egin zuten: “Irailaren16an, euskal presoen eskubideen aldeko jardunean aritu izan garen 47 euskal herritarren aurkako 11/13 makro epaiketa hastekoa da Entzutegi Nazionalean. Gure jarduna publikoa eta irekia izan da, Euskal Herrian bakea eta konponbidearen aldeko haizea, eremu anitzetatik zabaltzeko ahalegina egiten ari zen momentu batean. Iraganeko sufrikarioak, etorkizun hurbil batean gainditzeko lanean genbiltzan”.

Hilabetetotan haien aldeko elkartasun ekimen ugari sortu dira, bereziki auziperatuak diren herrietan. Besteak beste, Andoainen eta Urnietan. Bart arratsaldean ekimen bana egin zuten. Andoainen talde argazki jendetsua atera zuten Bastero plazan. Urnietan, aldiz, auzia azaltzeko hitzaldia eskaini zuten. Antolatutako ekitaldi askoren azkenetarikoak izango dira.

Bihar Bilboko manifestazioa 17:30ean La Casillatik aterako da, eta Andoaindik eta Urnietatik busak 15:30ean irtengo dira ohiko tokietatik.

Irailak 16, astelehena

Epaiketari hasiera emango dioten eguna da, eta herriz herri egunak eman duenaren asanbladak egingo dituzte. Andoainen iluntzeko 19:00tarako deitu dute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!