Espetxea saihestuko dute eskualdeko hiru auziperatuek

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 16a, 11:45

Gaur hasi da, eta badirudi gaur amaituko dela 11/13 sumarioko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Auziperatuak epailearen aurrean aurkeztu eta gero, akordioaren berri eman dute 47ak herrian ekimeneko bozeramaileek.

“Auzitegi Nazionala ez da ohiko epaitegi bat, eta horrek ahalbidetu baitu gure aurkako zigor eskaerak izugarriak izatea. Zigor horiek egia bilakatu zitezkeela pentsarazi digu”, adierazi du Izko bozeramaileak. Hori dela eta, akordioa lortzea erabaki dute. Gehienentzat zigor txikiak izango dira, eta espetxea saihestu ahal izango dute. Beraz, Zubizarreta andoaindarra eta Kudu eta Esnal urnietarrak aske geratuko dira. Zuluetak eta Enparantzak bere gain hartuko dute zigor handiena, eta antza denez hilabeteetako kartzela zigorra pairatu beharko dute.

Epaiketak hilabete hauetan herritar askoren elkartasuna eragin du. Andoainen, Urnietan eta baita Euskal Herri osoan zehar ere. Urrutira joan gabe, joan zen larunbatean Bilbon milaka lagun elkartu ziren auziperatuei elkartasuna adierazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!