Merkataritza festa, Beterriko herrietan ostiralean

Xabier Lasa 2019ko ira. 18a, 10:09

Beterriko merkataritzaren egoera kezkagarriaz ohartuta, bertako udalek eta merkatari eta ostalarien elkarteek elkarlanean herritarrei begirako sentsibilizazio kanpaina abian jarri dute. Hainbat ekitaldi antolatu dituzte irailaren 20an.

Andoainen, ekitaldi sorta

Andoaingo kaleetan hainbat ekitaldi antolatu dira irailaren 20ari begira, “Nire aukera Andoain!” lelopean. Egunean zehar merkatariek outlet-a prestatu dute, eta arratsaldean pintxo poterako aukera emango dute.

Malkogarriyak taldearekin dantzaldia antolatu da Goikoplazan 19:30ean hasita. Aldi berean, DJ Nemux Zumea Plazan 19:30ean izango da.

Eskualdeko ekimena

Beterriko bost udalerrietako (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria eta Usurbil) udalek eta elkarteek bat egin dute urte bat gehiago, eta irailaren 20an merkataritza festa antolatu dute, tokiko merkataritza sustatu asmoz.

Bost udaletako ordezkari politiko eta teknikariek eta merkatarien elkarteen ordezkariek ekitaldien berri eman zuten, Astigarragako udalean asteartean egin zuten agerraldian. Guztiek ere bat egin zuten merkatariek bizi duten egoeraren diagnosia egiterakoan: “Gero eta jende gehiago internetez edo tokiko merkataritza-gune handietara joaten dira erosketak egitera, herriko dendak alde batera utzita”.

Ekitaldian zehar Xabier Urdangarin Astigarragako alkateak, Marta Zulaika eskualdeko merkataritza bulegoko teknikariak eta Mertxe Jimenez Berriak Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteko ordezkariak hartu zuten hitza. Urdangarinek adierazi zuenez, “denok garbi daukagu merkatari txikiek herriatarrei produktuak eskaintzeaz gain herriari bizitza ematen diotela. Egun bateko ekimenarekin ez ditugu aldatuko erosteko ohiturak, baina pozgarria da hainbeste elkarte eta udal elkarrekin ikustea. Erronka ez da txikia, baina holako ekimenak baliagarriak izan daitezke herritarrek gogoeta txikia egin dezaten ea nolako herria nahi dugun eraiki”.

“Nire aukera, Beterri-Buruntza!” izango du lelo orokorra kanpainak, eta herri bakoitzak ekitaldi bereziak antolatuko ditu kaleetan barrena.

Andoaindik ordezkaritza zabala hurbildu zen Astigarragara: Mari Jose Izagirre Alkate-ordea, Manu Segovia Udaleko Turismo eta Merkataritza saileko teknikaria, Maite Ramos Salkin elkarteko lehendakaria eta Sandra Viera Salkin elkarteko teknikaria.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!