Mintzalaguna, erabileran eragiteko modu zuzena

Aiurri 2019ko ira. 25a, 11:49

Aiztondo bailarako hainbat herrik bat egin dute aurten ere Mintzalaguna egitasmoarekin. Tolosaldea mailan, besteak beste, Amasa-Villabonak eta Zizurkilek. Tu-tik Gu-ra leloa izango du aurtengo egitasmoak eta izena emateko aukera zabalik da dagoeneko.

Euskal Herrian badugu mundu bat guztiok partekatzen duguna, euskararena. Euskal hiztun izan ala ez, euskara usaintzen dugu, entzuten, ikusten, arnasten...  Eta gero eta euskaldun gehiagok egiten dugu euskaraz bizitzeko aukera.

Ikasturte berriarekin batera mila eta bat aukera ditugu esploratzeko zain, eta euskararen mundu magikoa ere horietako bat izatea nahi dugu. Dagoeneko ezagunak dira Mintzalagun egitasmoak: euskaraz hitz egiteko espazioak dira, astean behin elkartu eta ordubetez euskaraz aritzeko saioak, nahierara moldatu daitezkeenak, aisialdiari eta eguneroko martxari egokitutakoak, erabat doakoak.
 
Hortaz, zalantzan dabilenak ez dezala bitan pentsatu: Mintzalaguna hizketaldi bat baino gehiago da,  euskal munduaren alde egiteko ariketa da. Euskaraz dakienak leiho bat irekitzen baitio euskara ikasi/praktikatu nahi duenari, mundu bat zabaltzen dio... eta alderantziz ere bai.

Harreman berriak egiteko bidea ere bada, teoriatik eta erabilera akademikotik libre, praktikara bideratua. Hitz gutxitan: erabileran eragiteko modu zuzena eta praktikoa

Horregatik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu euskaraz bizitzera, norbere lotsak alde batera utzi eta egitasmo honetan parte hartzera.

Egin jauzi tu-tik gu-ra, eta ongi etorri mintzalagunon mundura!

Izen-ematea eta informazioa:

  • euskara@villabona.eus
  • euskara@zizurkil.eus
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!