Jendetza eta giro bikaina Zelatungo erromerian

Ainhoa Gil 2019ko ira. 30a, 11:41

Iraileko igandeetan festa giroa izaten da nagusi Zelatunen. Atzokoak, iraileko azken igandea, eguraldi bikaina ekarri zuen eta goizean goizetik, ehunka mendizale abiatu zen Zelatun aldera. Iturriotz aldera doan errepidea moztu egin zuten goizean zehar eta auto pilaketak ere izan ziren. Nolanahi ere, eguerditik aurrera jendetza batu zen Zelatungo borden inguruan, Kupelaren erritmora dantza egin eta egun ederra pasatzeko.

11:00etan hasi ziren trikiti-doinuak borden inguruan eta hasi orduko inguratu ziren dantzazaleak. Mendizaleen joan-etorria ere etengabekoa izan zen Hernioko tontor aldera eta Zelatun inguruko belazeetan jendetza ikus zitekeen, atseden hartu eta eguraldi ederraz gozatzen. 14:30ak aldera musikariek atsedenaldia egin zuten bazkaltzeko, eta halaxe egin zuten bertaratu ziren asko eta askok ere.

16:00etan, Kupela taldeko kideek berriz ere ekin zioten musika jotzeari. Dantzariek gozatu ederra hartu zuten atzokoan. Iluntzera arte luzatu zen festa Zelatunen.

Erlazionatuak

Zelatungo erromeria

Ainhoa Gil 2019 ira 30 Eskualdea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!