Irisgarritasun kognitiboan eragin nahi du Atzegik kanpaina berrian

Aiurri 2019ko urr. 8a, 09:35
Atzo arratsaldeko Atzegiko kanpainaren aurkezpen ekitaldia Tolosako Tingladoan. Argazkia: 28 Kanala.

Sentsibilizazio kanpainaren berri emateko bide ezberdinak erabili ditu Atzegik: kartela, liburuxka, mikrosite-a eta bideoa.

Tolosako Zerkausian aurkeztu zuten atzo arratsaldean Atzegiko kideek aurtengo kanpaina "Bizi nire errealitate intelektuala eta mugak hautsi" lelopean. Kanpainaren helburua adimen desgaitasuna dutenek egunerokoan bizi dituzten zailtasunak ulertaraztea da, ingurune irisgarriagoa eraikitzeko gonbita luzatuz. Atzegitik adierazi dutenez, "desgaitasun intelektualaren betaurrekoak jartzera gonbidatu nahi dugu gizartea egunerokoan bizi dituzten zailtasunak hobeto ulertzeko".

Egunerokoan ulertzeko zailak izan daitezkeen zenbait mezuren adibideak eman dituzte, hala nola jatetxeetako kartak, egutegiak, garraio publikoetako ordutegiak, irudi ulertezinak, eskuorri informatiboak, hauteskunde programak... "Adibide horiei esker jendeak zailtasun horiek ulertzea nahi dugu, eta mezu errazen alde egitea, pixkanaka denentzat ulerterraza den ingurunea eraikitzeko", azaldu dute. Desgaitasuna duten pertsonak ahalik eta autonomoenak izateko garrantzitsutzat jotzen dute mundua ondo ulertzeko aukera izatea, beren bizi-kalitatean eragin zuzena baitu.

Kanpainaren berri emateko lau bide

Irisgarritasun kognitiboan hausnarketa eragiteko lau bide ezberdin erabili ditu Atzegik. Kartelaren bitartez, Mikelek bere errealitate intelektuala bizitzera gonbidatzen du mugak hausteko eta horrela gure ingurua hobeto ulertzeko.

Liburuxkak kanpaina hobeto ulertzen laguntzen du. Bertan eredu desberdinak jasotzen dira, baita mundu ulergarriagoa egiten laguntzen duten aldaketa txiki horiek egiteko modu desberdinak ere. Mikrosite-an kanpainako materiala topatuko da. Atzegitik argazkiak igotzen joango dira. Eta bideoan egunerokotasunean bizitzen dituzten trabak azaltzen dira.

Kanpaina urriaren 11n amaituko da eta ekitaldi nagusia urriaren 8an ospatuko dute Donostiako Antzoki Zaharrean.

Atzegiren datuak

Atzegiren barruan 2.188 familia daude, horietatik 201 familia Tolosaldea eskualdekoak dira; 2.571 kolaboratzaile, 176 Tolosaldeakoak eta 10.464 atzegizale, 840 atzegizale Tolosaldean. Guztira, 15.223 pertsonek osatzen dute Atzegi elkartea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!