28 Kanalak Aiztondo bailarako seinalea hobetu du

Aiurri 2019ko urr. 17a, 09:00

28 Kanala, Tolosaldeko telebista, eskualdeko etxe gehiagotan ikusgai dago. Azken hilabeteetan Amasako emisio gunean egindako berrikuntzekin, Aiztondo bailarako seinalea hobetzea lortu da. Modu horretara 28 Kanalaren seinalea etxebizitza gehiagotara iristen da.

28 Kanala oraindik ikusten ez duenak telebista bersintonizatu beharko du. UHF24an dago 28 Kanalaren seinalea. Aduna, Amasa-Villabona, Alkiza, Asteasu, Larraul eta Zizurkigo herritarrek seinalearekin arazoren bat izango balute, ohiko antena-jartzailearekin jarri beharko lukete harremanetan.

28 Kanalak 13 urte daramatza Tolosaldeko gertaeren berri ematen. Eskualdeko albistez osatutako informatiboa ekoizten du egunero. Albistegia 15:30ean, 17:30ean eta 21:30ean emititzen da. Horretaz gain, 2019-2020 denboraldiko berrikuntza "Leihotik Begira" saioa da. Bertan eskualdeko herri bakoitza ezagutzeko aukera izaten da alkateen eta herritarren bidez. Saioa asteartero 22:00etan eskaintzen da. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketari gertuko jarraipena ere egiten dio eskualdeko telebistak. Euskal Herriko gainerako toki telebistek ekoiztutako saioak ere emititzen dira. 28 Kanalaren edukiak ohiko telebistan ikusteaz gain www.28kanala.eus-en eta sare sozialetan (Facebook, Twiter eta Instagram) ere ikusi daitezke. FMko 106.7an 28 Irratak musika eskaintza zabala du eguneko 24 orduetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!