Mobilizazioetarako deialdia luzatu du Gure Esku Dago ekimenak

Jon Ander Ubeda 2019ko urr. 14a, 09:57
Andoaingo erreferendumeko argazkia

Larrialdi demokratikotzat  jo du Gure Esku Dago ekimenak, espetxean dauden Kataluniako eragile sozial eta politikoen aurka Auzitegi Gorenak argitara eman duen epaia. Desadostasuna agertzeko elkarretaratze zaratatsuak deitu dituzte. Andoaingoa 19:30ean izango da, Goikoplazan. Aiztondokoa, Zizurkilen egingo dute, 19:30ean hasita, Joxe Arregi plazan. Urnietan, berriz, San Juan plazan 19:30ean hasita. 

Gure Esku dagoren lehen balorazioa: “9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako buruzagi sozial eta politiko subiranistei, urriaren 1eko erreferendumarengatik. Guztionak diren eskubide zibil, politiko eta kolektiboen kriminalizazio hau onartezina da. Kalean salatu behar dugu.

Gaur arratsaldean elkarretaratze zaratatsuak herrietako plazetan egingo ditugu, eta larunbatean manifestazioa Donostian.

Beldurturik eta etsirik nahi gaituzte. Baina oker daude. Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko bidean ez dugu atzera egingo”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!