Tolosaldeko Mankomunitateak hondakinen bilketarako kamioi berriak aurkeztu ditu

Aiurri 2019ko urr. 15a, 20:21

Eskualdeko 28 herrietako hiri hondakinen bilketa eta garraio zerbitzua kontratatu berri du Tolosaldeko Mankomunitateak. Herriguneetan zein industriguneetaan sortzen diren hiri hondakin frakzioak bilduko dituzte kamioi berriekin.

Tolosako Euskal Herria plazan izan da aurkezpena eguerdian. Guztira, 16 kamioi eta ekipo osagarri berri dira, eta hondakinen bilketaz gain, edukiontzien garbiketaz eta mantenuaz arduratuko dira. Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak adierazi duenez, "kontratua udalerrietan ezarrita dauden hondakin bilketa sistemetara egokitzen da, herriguneetan zein industriguneetan sortzen diren hondakin frakzioak biltzeko".

Inbertsioei dagokienean, 2.682.177,67 euroko kostua eduki du kamioi berrien kontratazioak. Kontratuak lau urteko iraupena du eta esleinpenduna FCC eta Zerbitzu Elkarteak osatutako aldi baterako enpresen elkartea (ABEE) izan da. Urteko gastua 3.275.000 eurokoa izango da.

Trantsizio energetikoaren gaiari heldu dio Patxi Amantegi lehendakariordeak: "Zabor bilketaren kamioiek ahal den heinean elektrikora pasatzea ere izan da Tolosako Udalaren ardura eta urratsetako bat. Albo kargako kamioiek kaja elektrikoa behintzat elektrikoa izan dezan saiatu gara". Modu horretan, hondakinen gaikako bilketa eta garraioa "erosoagoa eta jasangarriagoa" izatea sustatu nahi dute bilketa datuak hobetzeko. "Horixe da gure lehentasun eta helburu nagusia".

Hondakinak pisatzeko sistema eta kamioi isilagoak
Kamioi berriek txertatuta daramate hondakinak pisatzeko sistema. Modu horretan, herri bakoitzean sortzen diren hondakin sorreraren datuak lortuko dira; finkoak diren baskulak erabili behar izan gabe. "Sistema horrekin hondakin bakoitza pisatuko du kamioiak eta datuak jakingo ditugu herriz herri, auzoz auzo nahiz hondakin bakoitzean behar den heinean jakingo dugu zenbat material jasotzen den frakzio guztietakoak", azaldu du Amilibiak.

Bestalde, beste zenbait ezaugarri hartu dira kontutan kamioiak kontratatzerako garaian, hala nola aurrekoak baino kamioi isilagoak izatea; CO2 gutxiago sortzea; altuera eta zabalerari dagokionean, kale artetik igarotzeko eta maniobrak egiteko egokiak izatea; edukiontzien jarraipena eta erruten optimizazioa egiteko aukera ematea.

Kamioi eta ekipo osagarrien ezaugarriak

  • Albo kargako lau ekipo: 25m3-ko edukiera dute, konpaktazio maila altukoak dira eta herriguneko bilketa egingo dute.
  • Atzeko kargako 4 ekipo: 8m3-ko edukiera dute  erriguneko bilketa pertsonalizatua egiiteko.
  • Atzeko kargako 3 ekipo: 25m3-ko edukiera dute, industrigunetako gaikako bilketak egingo dituzte.
  • Altzari eta bolumen handiko trasteen bilketako kamioi bat.
  • Edukiontzien mugimenduak egiteko kamioneta bat.
  • Edukiontzien garbiketa eta mantenimentua egiteko furgoi bat.
  • Jarraipeneko bi ibilgailu.

Horiez gainera, edukiontziak berritu dira. Orotara, albo kargako 1.050 eta atzeko kargako 3.000 edukiontzi daude.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!