28 Kanala ikusteko birsintonizatu telebista

Aiurri 2019ko urr. 17a, 17:00

Amasan kokatzen den emisio zentroan aldaketak egin ondoren, 28 Kanala Aiztondo bailarako etxeetan ikusiko da. Horretarako, sintonizatu telebista UHF24 kanalean.

Hamar aldiz indartsuagoa da ekipoa Amasako eta Tolosako Oiaun mendiko emisio zentroan egin diren berrikuntzei esker. Ion Aldanondo da 28 Kanaleko zuzendaria eta adierazi duenez, "batio batetik hamar batio edukitzera pasa gara; hamar aldiz indartsuagoa da ekipo berria. Estaldura handiagoa da eta lehen 28 Kanala ikusten ez zuten lekuetan seinalea erraz sartuko da". Modu horretan, Aiztondo bailarara eta Andoaingo ia mugetara seinalea iritsi dela gehitu du. Telebista berriak diren kasuetan, 28 Kanala bakarrik birsintonizatuko da; horrela ez den kasuetan, UHF24 katean sintonizatu behar da telebista.

Tokiko telebista eta euskarazkoa
Tolosaldeko 28 herrietako albisteak lantzen ditu 28 Kanalak eta bertako gaiak lantzeaz gain, aisialdirako saioak ere ekoizten ditu. "Tokikoak gara, baina beste tokiko telebistekin ere lanean ari gara. Esan beharrik ez dago gure borondatea telebista egiteaz gain, telebista euskaraz egitea dela eta horretan ari garela", jarri du azpimarratu Aldanondok. Euskarazko ekoizpena ez dela ikaragarria gogorarazi nahi izan du, eta erakusleiho edo aplikazio gehienetan ikusgai jartzea dagokiela.

Infosare taldearen barruan dago, Erlo eta Goierri telebistekin batera. Tokikom-eko kide ere badira, beste telebista batzuekin batera. "Guztien artean nolabaiteko sarea daukagu osatuta gure programazioa aberasteko".

Telebista, webgunea, irratia, sare sozialak
Telebista ez ezik, bestelako medioak ere erabiltzen ditu 28 Kanalak albisteak nahiz programak zabaltzeko. "Telebista garrantzitsua da, baina telebistan egiten dena ahalik eta aplikazio gehienetara zabaltzen ahalegintzen gara. Aplikazio horiek dira sare sozialak, webgunea eta baita irratia ere". Arrazoietako bat ikusleen kontsumo ohituren aldaketan dagoela gehitu du, eta adibideak eman ditu: "Webgunean telebistan egiten ditugun erreportaje eta programak zintzilikatzen ditugu. Zuzeneko emisioa ere badugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!