Plazaola-Leitzarango bide berdearen kudeaketa, aztergai

Xabier Lasa 2019ko aza. 22a, 12:40

Plazaola-Leitzaran bide berdearen errealitate turistikoa kudeatzeko ereduari buruzko lan-jardunaldia egin dute Andoainen, Otietako Bisitarien Etxean goiz partean. Gipuzkoa eta Nafarroako hainbat udal ordezkarik eta teknikarik hartu dute parte, eta besteak beste, bide berde horren inguruko bi azterketa aurkeztu dira.

 

Rafaela Romero Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak eman dio hasiera jardunaldiari. Plazaolako natura-altxorraren balioa nabarmendu du eta bere kudeaketaren atzean dagoen erakundeen arteko elkarlana goraipatu du, hain zuzen ere, Gipuzkoako Aldundiaren, Nafarroako gobernuaren, udalen eskualdeko garapen-agentzien eta turismo-eragileen eta bizikleta sektoreko erakundeen artekoa.

 

Bi azterketa aurkeztu dira

Leitzarango Bisitarien etxea kudeatzen duen Bizibizikiko Miren Arrigain, komunikazioan eta turismo jasangarriko ikerketan adituak bi txosten aurkeztu ditu jardunaldian.

Plazaola-Leitzarango bide berdeko txirrindulari erabiltzailearen tipologiaren ingurukoa izan da lehenbizikoa. Adierazi duenez, bisitarien %40 zikloturistak dira, eta horien motibazio nagusia Plazaolako bide berdea ezagutzea da; horretarako, egun bateko bizikleta-txangoa egiten du. Horien jatorria aztertzerakoan, datuek diote solik %22a gipuzkoarrak direla; gainerakoak, beste herrialde edo autonomia erkideetatik datoz.

Turismo garapena jorratzen du aurkeztu den bigarren azterketak. Honen arabera, Plazaola-Leitzarango bide berdea bisitatzen duten turisten %60k Gipuzkoan hartzen dute ostatu, eta horietatik %40k Donostian. Bide berdera iristeko moduari dagokionez, bide berdearen erabiltzaileetatik, %47k euren etxeetatik bertatik bizikletaz iristen dira, %45a ibilgailuan, eta %8 trenean Andoaineraino. Datu horiekin ondoriozta liteke garraio pribatuaren erabilera nagusitzen dela beste aukera jasangarriagoren gainetik. Gauzak horrela, azterketak garbi ikusten du bide berdera iristeko bestelako garraiobideak sustatu beharko liratekeela. Eta horretarako, komunikazioa eta sentsibilizazioa ondo lantzea proposatzen du, bide berdera nola iritsi daitekeen behar bezala azaltzeko eta mugikortasun jasangarriko aukerak ikusarazteko.

Azkenik, Bizibiziki erakundeak atondutako txostenak bi proposamen luzatzen dizkio Foru Aldundiari Plazaola-Leitzaranekin lotuta, honen prestazioak hobetzeko eta erabiltzaile gehiago erakartzeko: Gipuzkoako ikastetxeei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina egitea, eta, bide berdearen mugikortasunari buruzko azterketa egitea. Bi txosten egileek uste dute bi proposamenak lagungarriak izan daitezkeela Plazaola-Leitzarango bide berdearen erabilera optimizatzeko eta erakundeen arteko lankidetza errazteko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!