Presoen aldeko manifestazioa deitu dute abenduak 31rako Aiztondoko udal ordezkariek

Aiurri 2019ko abe. 26a, 17:24

Urteko azken egunean 19:00etan abiatuko da presoen aldeko manifestazio isila Zizurkilgo Joxe Arregi plazatik eta Amasa-Villabonako Errebote plazan amaituko da.

17:00etan ospatu da prentsaurrekoa Amasa-Villabonako udaletxean eta bertan izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Josu Amilibia Adunako alkatea, Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea eta Pili Legarra Asteasuko alkatea. 'Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira' lemapean abiatuko da euskal presoen aldeko manifestazioa abenduaren 31n.

Beatriz Unzuek azaldu duenez, "herritik urrun daudenak eta gure artean izaterik ez dutenak gogoan izateko egunak ere badira. Amasa-Villabonako, Zizurkilgo, Asteasuko, Adunako eta Alkizako udal ordezkariok euskal presoek eta beren senideek eta lagunek pairatzen dituzten eskubide urraketak gaitzesten ditugu; eta espainiar eta frantziar estatuei eskubide horiek bermatzeko neurriak har ditzatela eskatzen diegu".

Aiztondoko udal ordezkariek bat egin dute  Sare herritarrak martxan jarritako 'Orain presoak!' herri dinamikarekin, "eta une hauetan gure babesa adierazi nahi diogu euskal presoen senideak biltzen dituen Etxerat elkarteari ere".

Hauek dira Aiztondoko udal ordezkariek espainiar eta frantziar estatuei helarazi nahi dizkien oinarrizko eskaerak:

  • Dispertsioa amaitzea eta euskal presoak Euskal Herriratzea.
  • Beharrezkoa da presoei eta batez ere beren familiei eta lagunei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dien sakabanaketa politikarekin betirako amaitzea.
  • Gaixotasun larriak edota sendaezinak dituzten presoen kaleratzea.
  • Gaixotasun sendaezinak dituzten presoek espetxeetatik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxean egoteko eskubide osoa dute. Hori espainiar legedian bertan jasota dago. Beraz, eskubide hori errespetatzea eta larri gaixo dauden presoen berehalako kaleratzea exijitzen dugu.
  • 70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!